Itxi

telebista

Erreportajeak

Umeak izateari aurre egin al diezaiokegun aztergai, 'Menos es Más' saioan

A.E. | EiTB

Euskal herritarrek gaiaren inguruan duten iritzia emango dute. Etxebarrira eta Laudiora joango da bisitan saioa.

Gaur gauean, ETB2ko 'Menos es Más' saioak umeak izateak dakartzan gastuei aurre egin al diezaiekegun aztertuko du. Euskal Herrian demografia behera doa nabarmen, eta geroz eta zaharragoak gara. Gizarte zaharkitua gara. Haur gutxi erditzen dira Euskadin. Jaiotza tasa asko jaitsi da: mila biztanleko 8,8 jaiotza daude, Europar Batasuneko batezbestekoaren azpitik oso; Portugalen bakarrik jaiotzen da haur gutxiago. Luxua bilakatu ote da umeak izatea? Ezin al diogu aurre egin umeak izateari? Galderaren aurrean bi aukera daude: batetik, kosta ahala kosta ama eta aita izan nahi duten emakumeak eta gizonak daude, edozein oztopori aurre egiteko gai direnak aitatasuna eta amatasuna bizitzeko, eta, bestetik, aita edo ama izateari aurre egin ezin edo aurre egin nahi ez diotenak.

Bi herritara joango da bisitan saioa: jaiotza tasa altuena duen herrietako batean egongo dira, Etxebarrin, eta Arabako bigarren herri jendetsuena den baina Euskadiko jaiotza tasarik baxuena duen herrian, Laudion.

Leire Argandoñak eta Iñaki Elorzak herri horietako bizilagunekin hitz egingo dute gai horren inguruan duten iritzia jakiteko. Hein berean, iritzi bakoitza bere testuinguruan azalduko dute.

Horrez gain, 'Menos es Más' saioan, Leire Gondra kazetaria umeak edozein preziotan ez izatearen alde agertuko da; Nacho Corral informatikari eta Hirukideko bozeramaileak, berriz, umeak izatea defendatuko du.

Hauek ere babestuko dute umeak izatea: Ager Muruaga, haurdunaldi subrogatuaren bidez bere senarrarekin umezain dagoen gaztea; Julia Larrimbe, neskatila adoptatu bat eta beste hiru harreran dituena; Naiara Garcia, Stop Sanfilippo Fundazioko kide eta gaixorik dauden hiru semeak zaintzen dituen ama; eta Anabel Dorado, AENAko administraria, ama eta muineko lesioa duena.

Beste hauek, aldiz, umeak ez izatearen alde arituko dira: Satur Garcia, jaio eta 8 egunera abandonatu zutena; Marian Rodriguez, umerik ez duen ile apaintzailea; Mar Garcia Serrano, ama izateko asmorik ez duen gaztea; eta Sol Maguna, haurrik ez duen aktorea.

'Menos es Más' saioa astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n.