telebista
Ibilbide gastronomikoak
Agurainen osteratxoa, gaur, 'Historias a Bocados' saioan
EiTB
Ortuariak, ardiak eta tea protagonista nagusi, 20:00etatik aurrera.
Euskal Telebistako 'Historias a Bocados' saioa Agurainen izango da gaur. Ander Gonzalez sukaldari eta aurkezleak Arabako zonalde honetara osteratxoa egingo du, eta bertako bizilagunen pasadizoak eta errezetak ezagutuko ditu.
Aguraingo Harresiaren inguruan, hainbat baratze daude. Pilar Ruiz de Gaunarena da horietako bat. Horren ortuak izen handia dauka, lurraren kalitateagatik eta bertan hazten diren produktuengatik. Kanonigoak, errukula, perrexila, alberjiniak, zerbak, borraja, uraza, tomatea, kuia, kuiatxoa, pepinoa, lekak, piperrak... Barazki eta ortuari festa, Pilarren soroan. Hitz egiten duten bitartean, emakumeak entsalada ederra eta txerri-hanka ikusgarriak prestatuko ditu.
Gregorio Perez eta Ander Etxarri lagun min bitxiak dira. Lehenak 77 urte ditu, eta 21 ditu bigarrenak. Bi nafarrak zaldizaleak dira, eta elkarrekin aritzen dira pintxo-potean. Gregoriok Rubio izeneko zaldi bat eta 14 behor ditu, eta Ander gazteak animaliok zaintzen laguntzen dio. Hiru lagunek poz-pozik jango duten bildotsa prestatuko du Gregoriok.
Delicatessen mokaduentzako lekua ere bada Agurainen. Juanjo Barquillarekin, te sommelier tituludunarekin, solastatuko da Ander Gonzalez. Tea da bere pasiorik handiena, eta luze mintzatuko da honetaz. Juanjok denetarako erabiltzen ditu infusioak, baita sukaldean ere. Anderrek Juanjoren errezeta bi dastatuko ditu; alde batetik, tearekin maridatutako Idiazabal gazta, eta bestetik, tearekin infusionatutako txirlak. Juanjok Ainhoa Alonsoren baratzetik hartzen ditu behar dituen produktuak. Ainhoak banku batean lan egiten zuen, baina egun batean erabat aldatu zuen bizimodua. Anderrek lurrinen eta usainen garrantziaz jakingo du Eturan dagoen sail bat bisitatu ostean.
Gorka Azurmendik 350 ardi dauzka Galarretan, Arabako ipar-ekialdeko landa herrian, Donemiliaga udalerrian. Nafarroako hiru ile-moztaile ekarriko ditu elkarrekin artilea ebakitzeko. Ander Gonzalezek aurretik inoiz ikusi ez duen une ikusgarria, benetan.
Larunbat eta igandeetan izaten da ikusgai "Historias a Bocados" saioa, 20:00etan, eitb.eus-en eta ETB2n.