Itxi

telebista

22:30ean

Gaueko aisia eta bizilagunen atsedena, gaur, 'Menos Es Más' saioan

Kale-zurrutak eta terrazek sortzen duten zarata izango dute mintzagai nagusi, eta, gainera, udalek abian jartzen dituzten ekimenak aztertuko dituzte.

Gaur, uztailak 24, Leire Argandoñak eta Iñaki Elorzak aurkezten duten 'Menos Es Más' saioan, gaueko jaia eta auzokoen atsedena izango dute hizpide nagusi. Batetik, festarekin negozioa egiten dutenen argumentuak jasoko dituzte, eta, bestetik, gaueko zaratak pairatzen dituztenen kexuak bilduko dituzte.

Gaueko aisiak eta zenbait jarduera komertzialek sortzen duten burrunba laugarren zarata arazo larriena ei da Euskadin. Bizilagunek sortutako hotsak, lurreko trafikoa eta makinen zarata daude horren aurretik. Izan ere, tabernen inguruetan eragiten den iskanbila omen da hirietan sortzen den zarata iturrietan kezkagarriena. 2016an egindako txosten batek erakutsi zuzenez, zarata hauekin lotutako salaketek gora egin dute. Erreklamazioak ugaritu egin dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta EAEko herri txikietan. Bateragarria al dira, beraz, herritarren atsedena eta parranda?

Hasteko, Aramaio aldera egingo du ETB2ko saioak. Euskal Herriko 'Suitza Txikia' omen da Arabako udalerria hau. Anboto, Udalatx eta Besaide mendiek inguratzen dute herritxoa, eta isiltasuna da nagusi. Bertako bizilagunek ez dute puben eta diskoteken zaratarik jasan behar, izan ere, hiru taberna besterik ez daude herrian. Auzokideen ahotik jakingo dugu nolako bizimodua daramaten Aramaion, Maider Unda (dominadun olinpikoa), Sara Alonso ('Izarrak Kalean' lehiaketako abeslari gaztea), Juan Mari Arriolabengoa (erlezaina eta herriko jubilatuak) eta beste bizilagun batzuei galdetuta.

Aramaioko lasaitasuna eta Gasteizko gau giroa oso bestelakoak dira. 80ko eta 90eko hamarkadetan, gaueko parranda itzela zegoen Arabako hiriburuan, eta, gaur egun, pixka bat baretu den arren, Arabako jai giroaren erdigunea da oraindik. Gasteizek 1.300 taberna ditu, 600 bat terraza, soinua neurtzeko 17 tresna, eta aurten Gasteizko Udalak 30.000 euro bereizi ditu aurrekontuetatik zarataren kontrako kontzientziazio kanpaina bat egiteko. 'Menos es Más' saioan, bertako ostalariekin egingo dute berba, eta, gainera, gaueko iskanbilak nozitzen dituzten hiritarren testigantzak entzungo dituzte.

'Menos Es Más' saioa astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB2n.