telebista
09:30ean
'Excluidas del paraíso' dokumentala, gaur, ETB2n
EITB
XXI. mendean patriarkatuaren eredua errepikatu eta iraunarazteko mekanismoak zehaztuko ditu saioak.
Emakumearenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, ETB2k Excluidas del paraíso dokumentala eskainiko du. Pentsalari feministen ahotsen bidez, XXI. mendean patriarkatuaren eredua errepikatu eta iraunarazteko mekanismoak identifikatu eta azalduko ditu saioak.
Esther Perez de Eulatek ekoiztu eta zuzendutako dokumentalak sistema patriarkalaren opresio modu ezberdinak erakutsiko ditu, Espainiako estatuan indar handiarekin inposatzen diren pentsaera eta jarrera matxistak aipatuz. Halaber, matxismoak bizitzaren alor guztiak bere gain hartzeko duen gaitasuna azalduko du.
Ana de Miguel, Ochy Curiel, Pablo Llamas, Pilar Aguilar, Remedios Zafra, Rosa Cobo, Soledad Murillo eta Yayo Herrero pentsalari feministei egindako elkarrizketek osatuko dute dokumentala. Haien hitz eta iritziak hedabideetan agertzen diren ohiko irudiekin osatuko dituzte. Hedabideek zabaltzen dituzten mezuak askotan patriarkatuaren ideologia berresten dute, eta irudi horiek diskurtso kritiko baten ikuspuntutik aztertuko ditu dokumentalak, genero berdintasunaren kontrako mezuak ondo identifikatuz.
Excluidas del paraíso larunbat honetan izango da ikusgai, 09:30ean, ETB2n.