Itxi

telebista

00:20an

'Chiloé, una Aventura Ultratrail', gaur, ETB2n

EITB

Zigor Iturrietak kirola eta gastronomia uztartuko ditu: mendi lasterketak egingo ditu hainbat herrialdetan, eta, gainera, leku bakoitzeko gastronomia eta kultura ezagutuko ditu.

  • Zigor Alemanian

    Zigor Alemanian

Gaurtik aurrera, bere bi pasioak (kirola eta gastronomia) uztartuz, erronka ikusgarriak eskainiko ditu Zigor Iturrietak 'Chiloé una Aventura Ultratrail' saioan. Kirola eginez, munduan zehar bidaiatuko du eta herrialde ezberdinetako mendi lasterketak izango ditu jomuga. Halaber, kirolari modura bizitako esperientziaz gaindi, leku horietako gastronomia, jendea eta parajeak erakutsiko ditu.

Erronka berrien bila abiatuko da kontinentez kontinente, eta Belgikan hasi eta Hegoafrika, Uruguai, Nikaragua,Thailandia eta Alemaniara eramango duen bidaia ikusgarria egingo du. Toki bakoitzean, lasterketa gogor bati egingo dio aurre, eta, egonaldia aprobetxatuz, ohiz kanpoko turismo kontzeptu berria jarriko du praktikan. Saioa asteazkenetan izango da ikusgai, 'El Conquis' debatearen oztean, ETB2n.

Lehenengo atala, La Magnetoise mendi proba, Belgikan

Belgikan, La Magnetoise mendi proba ospetsua egingo du Zigorrek. Lasterketa luzean parte hartzen ikusiko dugu, eta, gainera, Belgikako hainbat leku bisitatuko ditu, bertako kultura eta sukaldaritza erakutsiz. Hasteko, Brusela hiriburuaren leku ezagunetara joango da, eta bertako jatetxe berezi eta bikainak bisitatzeko aukera izango du. Brusela utzi eta Lieja, Valoniako eskualdeko hiriburua, miatuko du jarraian.

Hau guztia, Magnee herrian 65 kilometroko proba egin aurretik izango da. Hain justu, bertan, Zigor Iturrieta probaren hasieratik amaierara ikusi ahal izango dugu lehia bizian, baina lortuko ote du lasterketa irabaztea?

Hurrengo erronkak

Belgika atzean utzi eta Afrikara bidea hartuko du Zigor Iturrietak. Hegoafrikan, 76 kilometroko Addo Elephant Ultratrail lasterketa egingo du, eta gainera, Johannesburg, Addo Elephant parke nazionala eta Port Elizabeth ezagutuko ditu.

Hego Amerikara salto eginez, Uruguain izango da lehenengo. Montevideo hiriburua, Rocha, Cabo Polonio eta Punta del Este ezagutuko ditu, eta Cabo Polonio Ultratrail lasterketan parte hartuko du, 80 kilometroko erronkan.

Nikaraguan izango da ondoren, eta serie osoko lasterketarik luzeena burutuko du bertan, Fuego y Agua Ultratrail gogorra, 100 kilometroko proba. Gainera, Managua, Masaya sumendia, Granada, Mombacho sumendia, Ometepe uhartea eta San Juan del Sur ezagutuko ditu herrialde zoragarri horretan.

Hego Amerika atzean utzita, Thailandiara abiatuko da gero. Bertan, Laguna Phuket 42 kilometroko maratoia egingo du, eta Phuket ez ezik, Bangkok, Amphawa eta Mae Klong bisitatuko ditu.

Amaitzeko, Europara bueltan itzuliko da, Alemaniako Zugspitz Ultratrail 60 kilometroko lasterketan parte hartzeko. Alemanian, Prien, Stamberg, Murnau, Oberammergau eta Garmich herriak ezagutuko ditu.