telebista
ETB1en eta ETB2n
Itsasoko zaborraren arrantzan, aste honetako 'Teknopolis'en
EITB
Aztiko ikertzaile batekin, euskal kostaldean zaborra non pilatzen den jakitea helburu duen Life-Lema izeneko proiektua ezagutuko dute.
Urtero, zortzi milioi tona plastiko iristen da itsasora. Hori entzunda, plastikozko botilak eta beste zabor batzuen irudia etortzen zaigu burura. Baina arazoa ikusten duguna baino larriagoa da. Izan ere, plastikoa degradatu egiten da eta begi hutsez ia ikusi ezin diren mikroplastikoak zabaltzen dira mundu osoko ozeanoetan. Aste honetako 'Teknopolis' saioan, plastiko txiki eta handien arrantzara aterako dira Aztiko ikertzaile batekin; izan ere, Life-Lema izeneko proiektuan euskal kostaldean zaborra non pilatzen den jakitea dute helburuen artean, eta horretarako itsasora ateratzen dira laginak jasotzera.
Eta itsasotik kostara egingo dute salto. Zaborrak itsasoko bizidun guztiei eragiten die, zetazeoei ere bai. Tarteka euskal kostaldean itsas animaliak lehorreratzen dira, zetazeo hilak, besteak beste. Zetazeo horiekin zer egiten den erakutsiko digute Ambar elkarteko eta Plentziako Itsas Estazioko adituek.
'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta igandean, ETB2n, ordu berean. Streaming bidez ere ikus daitezke bi saioak, eitb.eus atarian.