telebista
20:00etan
Hung Fai sukaldaria, 'Historias a Bocados' saioaren aurkezle berria
A.E.| EiTB
Asteburu honetan Ander Gonzalezek behin betiko saioa utzi aurretik, bi sukaldariek elkarrekin aurkeztuko dituzte Berastegi eta Gatikako saioak.
'Historias a Bocados' saioak aurkezlez aldatuko du. Hung Faik duela zazpi urtetik hona Bilbon bizi den Hong Kongeko sukaldariak aurkeztuko du saioa. Hirian hezitako sukaldari trebe hau prest dago euskal herrietako nekazal giroa zehatz-mehatz ezagutzeko. Hain zuzen ere, 'Historias a Bocados'ek aurreratzean ere ildo berari eutsiko dio: euskal herriak bisitatu, bertako sukaldaritza ezagutu eta bertako bizilagunen istorio pertsonalak bildu. Haatik, Ander Gonzalezek behin betiko lekukoa Hung Fairi pasa aurretik, bi sukaldariek elkarrekin bi saio egingo dituzte. Anderrek Hung Fairi saioa zertaz doan azalduko dio, eta hori egiteko onena grabazioan egotea da. Hartara, larunbatean Berastegin eta igandean Gatikan elkarrekin egongo dira.
Hasteko, Hung Fai Idiazabal Gaztaren unibertsoan sartuko da bete-betean, Gazpio gaztandegiko historia ezagutu eta ibilbideari ekingo dio. Jose Ignacio Ugartemendiak kudeatzen duen gaztandegian, saioko sukaldari berriak gozatu ederra hartuko du ardi latxen artean, arkume jaio berriei titia hartzen lagunduz eta gaztagintzan topera murgilduz. Halaber, saioan gizendu ere egingo dela konturatuko da, gaztandegitik ateratzen diren esneki guztiak dastatu ondoren.
Orobat, Hung Faik Susana Iturralde Kildalen historiaren berri izango du Berastegin. Postari gisa lan egiteaz gainera (sukaldariak, gutunak eta paketeak aukeratuz postari lanean lagunuko dio), emakume hau duela 100 urte Tolosaldera Mustad enpresarekin lanera etorri ziren norvegiarretako baten biloba da. Norvegiarrak ez ziren bakarrik etorri Gipuzkoara, negu giroko bizitza ekarri zuten beraiekin eta baita eski alpinoa Euskal Herrira ere. Norvegiar zaporea izango du, berebat Susanak Hung Fairi prestatuko dion postreak.
Bestalde, Anderrek guztia handia den leku berezira bisita egingo du: tailerra, zurezko eskulturak eta Luis Erasoren bihotza guztia da oso handi. Berastegiarrak hainbat neurritako motozerrekin egiten dituen eskultura erraldoiak ikusita, ahoa bete hortz geldituko da aurkezlea. Urtero, udan, gizon hau bere tresna guztiak hartuta Euskal Herrian barrena ibiltzen da. Bere ibileren berri emango dio Anderri, honek itsas zapoa parrillan prestatu eta jaten duten bitartean.
Hung Fai Chiu Chi
Hung Fai Hong Kong-en jaio zen 1973an. Bederatzi urte geroago Madrilera joan zen eta bertan Suntary Hostalaritza Eskolan egin zituen ikasketak.
1988an hasi zen lanean eta munduan barrena ibili da, Asian, Amerikan eta Europan hainbat lantalde gidatuz.
Musume Izakaya taberna japoniarra Bilboko Alde Zaharrean ireki aurretik, Afterwirk & Sushi jatetxeko sukalde buru izan zen Getxoko Igeretxe hotelean.
Sukaldaritza japoniarrean aditua da, baina chef guztiak bezala, sukaldaritzako eremu guztietara egokitzen da, Mexikoko, Mediterraneoko eta Euskal Herriko sukaldaritzarekin ondo baino hobeto moldatzen da. Marmitakoa da euskal sukaldaritzan bere plater kuttunena.
Bere plateretan inoiz ez da falta Kokoroa, hau da, Japonian, bihotza seinalatuz sentimendua adierazteko duten hitza.
Amodiozko historia batek ekarri zuen Euskal Herrira. Madrilen ezagutu zuen Itxas bere emaztea, bizkaitarra bera, eta lehen umearen zain gelditu zenean Bilbora etortzea erabaki zuten. Hung Faik bertan bota ditu sustraiak eta bertan jaio dira euren bi alabak: Elaia Yui eta Haizea Yan.
'Historias a Bocados' saioa larunbat eta igandeetan emititzen da, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.