Itxi

telebista

Lehiakide gogokoena

Aiora Armendariz da 'El Conquis'eko ikus-entzuleek gogokoen duten lehiakidea

I.A. | EiTB.EUS

Irunberrikoak jaso ditu boto gehien. Seleta izan da bigarrena, Krasi hirugarrena; Guille gelditu da laugarren postuan, Tutan bostgarrenean, Meltxor seigarrenean eta Lorea zazpigarrenean.

Aiora, Irunberriko ikaslea, aukeratu dute ikus-entzuleek "El Conquistador del Caribe" saioko lehiakideen artean. Seguruenik botazioetan zerikusi handia izan du horren ausardiak, lagun ona izan dela eta irabazteko faboritoetako bat zela. Izan ere, Gotzon bezala, Eiderrengandik metro batzuetara gelditu zen tirolinan. 3.000 euroko diru-saria eta Karibera joateko bidaia bat, Eroski Bidaiak etxearen eskutik, irabazi ditu Irunberrikoak.

Abentura hasi zuenetik, "Izan Invictus" saioan bigarren postuan gelditu zen lehiakidea bere ausardiagatik nabarmendu zen; izan ere, bere burua aurkeztu zuen duelura joateko.

Zeresan handia eman zuen Lorearekin nesken arteko ituna egiten saiatu izana. Finalera ahalik eta neskarik gehien iristea zuten helburu. Azkenean itunak aurrera egin ez bazuen ere, 5 finalistetatik 3 neskak izan ziren, hirurak talde berdekoak.

Horren harira, Aiorak hasieratik argi zuen bere ametsa neska batek irabaztea zela, "El Conquistador"ren garaileen zerrendan Lourdesekin eta Erkurekin egoteko.

Azkenean, nafarrak ez zuen irabazterik lortu, baina azpimarratu beharra dago Eiderrek irabazi bazuen Aioraren laguntzagatik izan zela, hein handi batean. Izan ere, finalean asko lagundu zion; elkarrekin joan ziren denbora osoan, eta biak batera iritsi ziren tirolinara.

Hasieratik, irabazteko borrokan aritu da, eta horri eta aurretik aipatutako guztiari esker, merezimendu osoz lortu du gogokoenaren saria.

Seleta, bigarrena

Ez dugu Seleta ahaztu nahi gogokoenaren sariaren lehiaketa honetan. "Izan Invictus" lehiaketaren irabazlea garaipena lortzeko faboritoen artean egon da hasiera-hasieratik, baina ez du lortu, besteak beste, saihetsetan lesioa izan duelako. Berriatuarraren unerik onenetakoa familiakoekin hitz egiteko aukera izan zuenekoa izan zen.

Krasi, hirugarrena

Krasi izan da lehiakideen hirugarren gogokoena. Indartsuenetako bat izateaz gain, Debako bulgariarrak une dibertigarri asko utzi dizkigu talde urdineko kideekin, batez ere Telmo, Tutan eta Delfo lagunekin.

Guille, laugarrena

Madrildarra hirugarren gelditu da gogokoenen zerrendan. Guillek ikus-entzuleen bihotza bereganatu zuen aurkezpen-bideoarekin. Bertan esan zuen Madrilen jaio beharrean Euskal Herrian jaio beharko zukeela. Euskal kulturarekin maiteminduta dago, eta lauburu bat dauka bizkarrean tatuatuta.

Boto-emaileentzako saria

Bukatu aurretik, bidaia bat zozkatu dugu botoa eman duten guztien artean. Irabazlea Oiartzungo Lide Ibarguren izan da. Villa de Laguardia hotelean bi lagunentzako gau bateko egonaldia eskuratu du mantenu osoarekin. Gainera, zirkuitu hidrotermalarekin gozatzeko aukera izango du eta El Fabulista upategira bisita egingo du. Zorionak!