telebista
18:30ean
'Álava, una luz interior' dokumentala, gaur arratsaldean, ETB2n
EITB
Saioak Arabako historia, kultura eta paraje naturaletan barrena bidaia proposatuko du.
Gaur, ETB2k 'Álava, una luz interior' dokumentala eskainiko du, Arabako historia, ondare kulturala eta paraje naturaletan barrena bidaia ikusgarria.
Historiaurreko zibilizazioen aztarnak abiapuntua izango dira bidaia honetan. Ondoren, Erdi Aroan murgilduko dira. Arabaren garapenerako aro garrantzitsua izan zen eta garaiko oparotasunaren adibide dira herri eta hirietako alde zaharrak, katedrala, kolore aniztasun handiko arku eta atariak eta garaiko upeltegiak. Ezin ahaztu gainera, Lazarragaren Eskuizkribua, euskaraz idatzitako lehen testua.
Halaber, Arabako historian toki garrantzitsua izan zuten pertsonaiak gogoratuko ditu saioak, horien artean, Pedro López de Ayala, Gonzalo Yañez de Mendoza eta Cristobal de Oñate.
Ordutik gaur egunera arte, Araba asko aldatu da. Aro modernoak iraultza ekarri zuen alor ezberdinetara (industria, ardoa, azpiegiturak) eta jendearengan eta lurraldeko kulturan influentzia handia izan zuen. Gainera, arabarrek asko borrokatu zuten eta Gasteizko guduak Independentziaren Gerratearen garaian ospe handia izan zuen.
Dokumentalak proposatuko digun bidaiaren helmuga XXI. mendea izango da. Transformazio ikaragarriaren aurrean gaude eta Arabak eta bere hiriburuak, Gasteizek, azken bi mendeetan inoiz baino aldaketa azkarragoak eta sakonagoak bizi izan dituzte.
'Álava, una luz interior' Arabako Foru Aldundiaren dokumentala da, Antonio Cristobalek zuzenduta. ETB2k eskainiko du 18:30etik aurrera.