Itxi

telebista

Kirolak

Donostiako Banderaren 1. jardunaldia, gaur, zuzenean, EiTBn

EiTB

Lekeitioko pilota jaialdia eta artzain txakurren Amaiur Saria ere ikusgai izango ditugu.

Arraun denboraldiko egun handia izango da gaurkoa, Donostiako Banderaren 1. jardunaldia jokatuko baita. Urtero legez, ahalegin berezia egingo du Euskal Telebistak estropada xehetasun guztiekin eskaintzeko.

10:45ean hasiko da emanaldia ETB1en eta eitb.eus-en Mikel Olazabalen gidaritzapean. Ibon Gaztañazpi izango du lagun komentarioetan, eta Sara Gandara eta Xabier Andueza protagonistak elkarrizketatzeko.

Pilota eta artzain txakurrak

17:00etan pilota izango dugu zuzenean Lekeitiotik. Bertan, San Antolin Torneoko lehen finalerdia jokatuko da: Olaizola II-Aretxabaleta / Artola-Larunbe, beste bi partida hauekin batera: Peña II-Eskiroz / Etxeberria-Ruiz eta Arretxe II-Iturriaga / Dario-Jaunarena. Xabier Euzkitzek, Joxean Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute jaialdiaren kontakizuna.

Pilotaren aurretik, 15:30ean, abuztuaren 15ean jokatutako artzain txakurren Amaiur Sariaren ingurukoak ekarriko dizkigu Iñigo Aiestaranek, Koldo Goienetxe lagun duela.

Erremontea eta zesta punta ETB4n

ETB4n bi emanaldi izango ditugu: 13:30ean, Kutxabank banakako erremonte torneoko finalerdia, Urriza-Endika, eta 20:30ean, zesta puntako Donostia Hiria Torneoko finala, Alberro-Lopez / Olha-Inza. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango ditugu.