telebista
22:30ean
'Vascos por el Mundo' Los Angelesen izango da gaur gauean
EITB
Pedro Mardones kazetariak zinemaren hiriburuan bizi diren euskaldunen bizimoduaren berri emango digu.
-
Pedro Mardones kazetaria
Gaur gauean, 'Vascos por el Mundo' saioak Los Angelesera bidaiatuko da Pedro Mardones kazetariaren eskutik. Zinemaren hiriburuan bizi diren euskaldunen bizimodua ezagutu, eta pelikuletan hainbestetan ikusi izan ditugun hiriko auzo eta bitxikeriak erakutsiko dizkigu.
Hasteko, Victoriarekin izango gara, Ameriketako Estatu Batuetan hamar urtez bizi izan den bilbotarra. Los Angelesen lau urte daramatza Warner estudioentzat marketin eta prentsa lanak egiten.
Gernikako Rafa Sandinarekin ere izango gara. Rafak 40 urte daramatza musikaren industrian lanean, eta, ibilbide luze horretan, 13 Grammy sari jaso ditu eta nazioarteko hainbat musikari ezagunekin egin du lan.
Miriam 23 urteko sopeloztarra da, eta Texasko senarrarekin bizi da Los Angelesen. Berarekin, Venice Beach eta bertako bitxikeriak ezagutuko ditugu.
Ion 26 urteko nafarra da, eta arrakasta handia izan du Los Angelesen, Famaren Pasealekuan bertan dagoen munduko Escape Room handienaren jabe eta sortzailea delako.
Maider Izeta kazetaria, bere aldetik, Hondarribikoa da, eta zortzi urte daramatza Los Angelesen. Txikitatik bizi nahi zuen Ameriketako Estatu Batuetan, eta ametsa betetzen ari da. Horren laguntzarekin, hiriko erdigunea edo Downtown deritzon auzoa ezagutuko dugu.
Amaitzeko, Sergiorekin izango gara. Country Club pribatuan lan egiten du, senarrarekin batera. Klubak 1.600 bazkide ditu eta oso esklusiboa da. Berverlly Hills auzoa eta Rodeo Drive kale komertziala ezagutuko ditugu horren eskutik.
'Vascos por el Mundo' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.