Itxi

telebista

Saio berria

'La Noche de Crónicas' dokumental eta solas-tartea, ostiralean ETBn

E.O.

EITB

Ander Landaburu kazetariak gidatuko du dokumentalaren ondorengo solas-tartea. Bilbon barrena ibilbide historikoa proposatzen duen Aquella vieja luna de Bilbao dokumentalarekin jarriko da abian saioa.

Datorren ostiralean, urtarrilaren 28an, ''''La Noche de Crónicas'''' saio berria estreinatuko da ETB-2n. Bi zati ditu saioak: dokumentala lehenengo eta dokumentalaren inguruko solas-tartea ondoren, Ander Landaburu kazetariak gidatuta. Gure historian ahaztuta ditugun pasarteak ekarriko dituzte gogora ikus-entzunezko hauek.

Honakoak izango dira lehen atalak: Aquella vieja luna de Bilbao (Zinebin aurkeztu zen 2010ean), Al enemigo ni agua, Mar afuera, Tierra adentro, Campeones de amarillo, Viejo caballo de hierro, Virgilio Leret eta Unidos en la distancia.

Gure herri eta hirietako gertaera historiko eta sozialen inguruko dokumentalak egitea du helburu ''''La Noche de Crónicas'''' saioak, garai ezberdinetako pasarteak, lekuak eta pertsonaiak gogora ekarriz.

Aquella vieja luna de Bilbao

Lehenengo programan, ostiral honetan, gaueko hamarretan, Bilboko historiaren zati bat biltzen duen Aquella vieja luna de Bilbao dokumentala izango da ikusgai. Bilboko itsasadarrean, kaian eta auzo garaietan barrena ibiliko dira, meatzeak eta prostituzioa nabarmen ziren garaietatik gaur egun arte jasandako eraldaketa eta garapena erakutsiz.

Dokumentalaren ostean solasaldia gidatuko du Ander Landaburuk honako sei gonbidatuekin: Olga Macias, Txema Oleaga, Andeka Larrea, Txema Uriarte, Juan Gondra eta Antonio Cristobal.

Al enemigo, ni agua

Bigarren astean, berriz, gerra garaian frankismoaren aurka aritutako 2.000 presok egindako lana ekarriko dute gogora. Erronkari eta Zaraitzuko haranetan, Nafarroako Pirinioetan, mendiko errepide bat ireki zuten. Horrez gain, Igal eta Vidangoz batuko zituen bidea eta Erronkarirekin lotuko zuena ere egin behar izan zituzten. 1936ko Gerra Zibilaren garaian eta ondoren batailoi sare zabala sortu zen derrigorrezko lanetan aritzeko.

Mar afuera, tierra adentro

Donostiaren kronika egiten digu dokumental honek. Itsasoko hiria, kosmopolita, eta dotorea da Donostia. 2016. urtean Europako Kultur Hiriburu izateko ahaleginean buru-belarri ari da lanean. Donostiako bizitzaren zertzeladak eskaintzen ditu ikus-entzunezkoak, zertzelada beteak. Donostiako hiritar ezagunenak ere kontutan dituzte ibilbide honetan: Jose Manuel Aizpurua, Gabriel Celaya, Luis Martin Santos eta Eduardo Chillida, esate baterako.

Campeones de amarillo

Euskaldunek txirrindularitzarako duten grina azaltzen saiatzen da dokumentala. Legenda izan zen talde profesional baten historia ere bada, Kas taldearena. Elastiko horia zuen taldeak bere nagusitasuna erakutsi zuen gure inguruko eta nazioarteko proba garrantzitsuenetan.

Viejo caballo de Bilbao

Sentimenduz betetako txangoa proposatzen digu. Luxuzko Transcantabrico trenean ibilbidea egingo du. Giza oroitzapenez betetako ibilaldia, historiaz eta gertakizunez betea.

Virgilio Leret

Nafar jatorriko hegazkinlari eta ingeniari errepublikarraren balentriak dakartzan ikus-entzunezkoa. Motor bitxi eta iraultzailea diseinatu zuen, ''Mototurbocompresor de Reacción Continua'' izenez bataiatua. Gizon aitzindaria izan zen.

Unidos en la distancia

Bizkaiko Galdakao eta Badajozeko Valencia de las Torres herrien arteko senidetzea kontatzen duen dokumentala.

Ander Landaburu

Gerra zibilean erbesteratu beharra izan zuten bere gurasoek eta Parisen jaio zen 1944ko azaroaren 2an. Kazetaritza eta Zuzenbide ikasketak egin ostean, Reuters agentzian ekin zion bere lan ibilbideari 1968an, Espainiako iparraldeko berriemaile. Le Monde eta Le Nouvel Observateur aldizkarientzat kolaborazioak ere egin zituen. 1971an Cambio 16 aldizkariko sortzaile taldean sartu zen eta Euskadiko berriemaile izendatu zuten.

1975tik sarritan joan izan da Saharara eta bertako gertaera garrantzitsuenen lekuko izan da. Urte hauetan guztietan, gainera, Mexiko, Paris eta Madrilen bizi diren Saharako buruzagi eta lagunekin lotura gorde du.

1976an, Diario 16 sortzearekin batera, Grupo 16 taldearen Bilboko delegazio buru izendatu zuten eta 1984ean Mexikora joan zen berriemaile bost urterako. Bruselan egon zen beste bi urtez eta Parisen hiru urtez.

Madrilera itzuli zen 1993an editore eta ondoren Cambio 16 aldizkariko zuzendari ondoko izendatu zuten. Lau urte geroago El País egunkarian hasi zen, Euskadiko ordezkari bezala eta gaur egun ere medio honetarako kolaborazioak egiten jarraitzen du.