Itxi

telebista

22:30ean

'Euskaraldia: bat eta bat hamaika' saio berezia, gaur gauean, ETB1en

EiTB

Euskaraldiaren xehetasunak azaldu, eta hizkuntzari lotutako bizipen hunkigarri eta gainditze historia eredugarriak dituzten pertsonak hartuko ditu protagonista Edurne Azkaratek gidatuko duen saioak.

0:26
Euskaraldia

Euskaraldia ekimenari lotutako lehen saio berezia izango dugu ikusgai gaur gauean, 22:30ean, ETB1en. 'Euskaraldia: bat eta bat hamaika' izeneko saioa Edurne Azkarate aktoreak gidatuko du, eta bi atal izango ditu. Euskaraldiaren xehetasunak azaltzeaz gain, hizkuntzari lotutako bizipen hunkigarri eta gainditze historia eredugarriak dituzten pertsona bereziak ezagutuko ditu. Lehenengo atala azaroaren 19an emango da, eta bigarrena, azaroaren 26an.

Edurne Azkaratek (Oion, 1991) bere hamaikakoa osatuko du Euskal Herri osoan barrena bidaiatuz, eta pertsona ezagunekin egongo da: Oier Sanjurjo Osasunako futbolaria, Amets Arzallus bertsolaria, Ana Urrutia kazetaria, Iñaki Salvador musikaria, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Toti Martinez de Lezea idazlea eta Sonakay musika talde ezaguna. Euskaraldia nola biziko duten kontatzeaz gain, euskararekin duten lotura berezia ere azalduko diote Azkarateri.

Euskararen arnasguneetatik hasi eta euskaldun izateko zailtasun handiagoa dagoen ertzetaraino bidaiatuko du Azkaratek, eta aurpegi ezagun horien istorioez gain, bestelako istorioak ere bilduko ditu, jende berezia ezagutuz: Manu Bendala bertsolari sevillarra, Finlandiatik Euskal Herrira etorri zen Titty Thusberg moda diseinatzailea, Arabako Errioxan bizi den Ibai Verlaine gaztea eta oso modu berezian euskaldundu zen Irune Bilbao leioarraren kasua. Hizkuntza ohiturak aldatzearen garrantziaz eta 11 egun hauetarako dituzten erronkez jardungo dute.

Hamaikakoa osatzeaz gain, Edurne Azkarate Euskaraldian sartuko da buru-belarri, eta Euskal Herriko hainbat txokotan nola bizi duten jakingo du. Mariano Ferrer kazetariarekin izena ematera joango da, Davide Cabaleiro Galiziako euskaldunarekin iragarki bat grabatuko du Bilbon, Euskaraldiak hedabideetan duen garrantziaz jabetuko da Euskal Herria Irratiko Reyes Ilintxetarekin, eta Miarritzeko Ohakoa haur-eskolan egingo du sartu-irtena, txikienek nola ospatzen duten jakiteko.

Hamaika dokumentala, abenduaren 3an

Euskaraldia amaitzen den egunean, abenduaren 3an, Hamaika izeneko dokumentala eskainiko du ETB1ek. Bilbotik Erriberara eta Erriberatik Angelura, euskararen lurralde osoko pertsonak hartuko ditu protagonista ikus-entzunezkoak. Euskaraldiarekin bat egin duten pertsonak, urte osoa daramatenak Euskaraldia bizitzen, eta lehenagotik ere bizi izan dutenak nolabaiteko Euskaraldi bat, euren bizipenen bitartez.

EiTBko hedabide guztiak, Euskaraldiarekin bat

Euskal herritarren hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko ekimenaren inguruan xehetasunez informatzeko ahalegin berezia egiten ari dira EiTBko hedabideak.

EiTBko irratiek, adibidez, lan didaktikoa egin dute. Euskadi Irratiko 'Faktoria', Radio Euskadiko 'Boulevard' eta 'Graffiti', eta Radio Vitoriako 'Radio Vitoria Gaur' saioetan tartetxo bat egin dute astero, Euskaraldia zer den, nola parte hartu eta jende ezagunaren esperientziak azaltzeko.

Aurretiko lanaz gain, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egunez eguneko kronika bilduko dute telebista eta irratiko albistegietan eta hainbat saiotan: herri eta hiri askotan egin diren ekimenak, neurketa zertan den... Eduki hauek guztiak eitb.eus-en egongo dira eskuragarri, erabiltzaileek Euskaraldiarekin lotuta bidalitako argazkiekin batera.

Bestalde, datozen egunetan, EiTBko profesionalek Euskaraldiari babesa erakutsiz grabatutako pilulak entzun eta ikusiko ditugu. Halaber, Euskaraldiaren hamaika egunetan egunez egun gomendio bat zabalduko da telebistan, irratian eta Interneten.