telebista
Otsailak 17
La Roblako trenaren historian barrena, ostiralean, ETB-2n
EITB
"La Noche de Crónicas" saioan estreinatuko den Viejo caballo de hierro dokumentalaren bitartez.
ETB-2ko "La Noche de Crónicas" saioak bidaia hunkigarria proposatuko digu ostiral honetan, herritar askoren oroitzapenak dantzan jarriko dituena. La Roblako trenaren historia ezagutzeko parada izango dute ikus-entzuleek Viejo caballo de hierro dokumentalaren bitartez. Garai batean ikatza eraman eta ekartzeko erabiltzen zen trenak, gaur egun, Transcantabrico izenarekin, luxuzko bidaia egiteko aukera eskaintzen du paraje eder horietan barrena.
Carlos Bacigalupe kazetariak idatzitako izen bereko liburua hartu du oinarri dokumentalak. 1894. urtean trenaren sorrera hartuko du abiapuntu; Leon eta Palentzia inguruetako ikatza Bizkaiko siderurgia enpresetara ekartzea zuen helburu. Hasierako garai haietan trenak gizarte eta ekonomia arloan izan zuen eragina, geroagoko bizipenak eta bitxikeriak ere bilduko ditu garraiobide hura gertutik ezagutu zutenen eta hainbat adituren ahotsean.
Fernando Cuevas Ruiz, historiadorea; Angel Villalba, FEVEko presidentea; Felix de la Verdura Llamazares, FEVEko langile izandakoa; Jose Andres Gonzalez Campo, Mataporquera Elkarteko presidentea; Jon Sanchez, Bilboko Trenbidearen Elkarteko diruzaina; Avelino Calderon Iglesias, Vado Cerverako geltokiko buru izandakoa, eta Vicente de los Rios, La Roblako trenean aditua dira ikus-entzunezko honetan parte hartu duten izenetako batzuk.
Ohi denez, dokumentalaren ostean solas-tartea zabalduko du "La Noche de Crónicas" saioak. Bertan, Ander Landaburu kazetariak lagun izango ditu, lehen aipatutako Fernando Cuevas Ruiz eta Jon Sanchezekin batera, Jose Antonio Sebastian Ruiz FEVEko Komunikazio zuzendaria, Antonio Cristobal dokumentalaren zuzendaria eta Carlos Bacigalupe kazetaria.
La Roblako trenaren historia
La Roblako trenaren sorrera Bilbok XIX. mendean bizi izan zuen hazkundeari lotuta dago. La Arboledako meategiak lanez gainezka zeuden eta hango ekoizpen erraldoiak itsaso bidez garraiatzen zituzten. Burdingintza industriak ere garai oparoa bizi zuen eta itsasontzien eraikuntzaren aldeko apustu sendoa egina zegoen. Honenbestez, Bizkaiko hiriburuko finantza eta merkataritza guneek garai ezinhobea bizi zuten.
Bilboko labeak une oro lanean zebiltzanez, ikatz gosez ziren. Eta halaxe hasi ziren Leondik eta Palentziatik lehengai preziatua ekartzen, orografia menditsuari eta neguko elur eta izotzari aurre eginez. Bizkaiko ekonomia ez ezik, Leon eta Palentzia iparraldekoa ere biziberritu zuen La Roblako trenak. Gainera, inguru haietako herritar andanak Euskal Herrira trenez etortzeko aukera probestu zuen etorkizun oparo baten bila.
Urte onak bizi izan zituen La Roblado trenak, baina garai latzak ere bai, estraperloaren eta makien eraginez, meategien gainbehera izan zenean... Gaur egun, 335 kilometroko ibilbidea osatzen du Leon, Palentzia, Kantabria, Burgos eta Bizkaian barrena; Europa mendebaldean bide estuko ibilbide luzeena du.