Itxi

telebista

Audientzia

'Narcos y guerra sucia', '360º' saioaren inoizko erreportajerik ikusiena

EITB

'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak, bestalde, denboraldiko daturik altuena izan zuen eta euskaldunen artean audientzia-buru izan zen.

  • Eider Hurtado kazetaria '360º' saioan

    Eider Hurtado kazetaria '360º' saioan

Euskal Telebistak, igandeko ordutegi nagusian, audientzia emaitza bikainak bereganatu zituen ETB1 eta ETB2 kanaletan.

ETB2ko Narcos y guerra sucia erreportajea '360º' saioaren inoizko atalik ikusiena izan zen. Eider Hurtadok aurkeztuta, poliziak narkotrafikoaren negozioan izandako esku hartzea aztertu zuen erreportajeak % 12,4ko audientzia-zatia bereganatu zuen. Halaber, 243.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin-eremuan.

ETB1eko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak, bestalde, denboraldiko daturik onena lortu zuen: % 6,2ko audientzia zatia izan zuen oro har eta euskaldunen artean audientzia-buru izan zen % 18,7ko kuotarekin. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Aginagara egindako bisitak 124.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin-eremuan.

San Sebastian eguneko saio bereziak

San Sebastian eguneko jai handiaren jarraipena egin zuten saio bereziek, halaber, harrera bikaina izan zuten. Larunbat gauean, 'Danborrada Gaua 2019' saioak oro har % 7,2ko audientzia zatia eskuratu zuen eta euskaldunen artean % 11,9ko kuota. Banderaren jasoerarekin jai egunari hasiera eman zion ekitaldiak 247.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin-eremuan.

Bestalde, haur danborradaren zuzeneko emanaldiak % 7,1eko audientzia zatia izan zuen oro har, eta euskaldunen artean % 5,6koa. Gauean, banderaren jaitsierak % 4,9ko kuota eta euskadunen artean % 8,9koa izan zituen.