Itxi

telebista

22:00etan

'Causa Especial' erreportajea, gaur, '360º' saioan ikusgai

EITB

Erreportajeak 17 epaile, fiskal, legelari eta zuzenbide penal eta prozesaleko katedradunen hitzak bilduko ditu 'procès' katalanaren arduradunen kontrako prozesu judiziala sakonean ulertzeko.

  • 'Causa Especial' erreportajea igandeko '360º' saioan ikusgai.

    'Causa Especial' erreportajea igandeko '360º' saioan ikusgai.

360º saioak Causa Especial Mediapro ekoiztetxearen erreportajea eskainiko du gaur. Jaume Rouresek zuzendu eta Lluis Arcarazok idatzitako erreportajeak 17 epaile, fiskal, legelari eta Zigor Zuzenbide eta Zuzenbide Prozesaleko katedradunen hitzak bilduko ditu. Adituen testigantzetan oinarrituta, procès katalanaren arduradunen kontrako prozesu judizialaren nondik norakoak sakonean ulertzeko gakoak emango ditu saioak. Izan ere, prozesu judizial horrek bide luzea egin du: Kataluniako Parlamentuak onartutako Autonomia Estatutuaren erreformaren aurka Auzitegi Konstituzionalak jarri zuen errekurtsoarekin hasi zen 2006an.

2010eko sententziak atzera bota zituen Kataluniako Estatutuaren hainbat artikulu, konstituzioaren aurkakoak zirela argudiatuz, eta erabaki horrek independentismoa zabaltzea ekarri zuen. Mugimendu independentistak gero eta indar gehiago hartu zuen, eta denok ezagutzen ditugun gertakariak eragin zituen: 2017ko urriaren 1eko erreferenduma, Kataluniako Errepublikaren aldarrikapena eta 25 politikari eta lider sozial katalanen kontrako epaiketa.

Aste honetan hasi den epaiketan, albaramendu, asaldaketa, desobeditze eta desordena publikoa delituak egotzita epaituko dituzte Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Turull, Raül Romeva, Josep Rull, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Meritxell Borràs, Carles Mundó, Santi Vila, Mireia Boya, Joan Josep Nuet, Anna Simó, Lluís Maria Corominas, Ramona Barrufet, Lluís Guino, Anna Gabriel, Marta Rovira, Lluís Puig, Clara Ponsatí, Antoni Comín, Meritxell Serret eta Carles Puigdemont.

Prozesu judizial honen analisia ardatz hartuta, sistema judizial osoaren gaineko hausnarketa egingo du igandeko erreportajeak. Benetako matxinada bat antolatu al zuten? Akusazio honek oinarri juridikoa al dauka? Instantzia judizial gorenak alderdi politikoen intereserako tresna al dira?

Galdera horiei erantzuteko, 17 aditu bilduko ditu saioak: Manuel Almenar, Asociación Profesional de la Magistratura elkarteko kidea; Francisco Javier Alvarez, Zigor Zuzenbideko katedraduna Karlos III.a Unibertsitatean; Merce Barcelo, Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna Bartzelonako Unibertsitate Autonomikoan; Josep Casadevall, epaile ohia eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiko presidenteordea; Montserrat Comas, Juezas y Jueces por la Democracia elkarteko kidea; Jacobo Dopico, Zigor Zuzenbideko katedraduna Karlos III.a Unibertsitatean; Joaquín Giménez Garcia, Auzitegi Goreneko magistratu emeritua; Xabier Gonzalez de Rivera, Ágora Judicial elkarteko kidea; Stefan Krisch abokatu alemaniarra, Zigor Zuzenbidean aditua; José Antonio Martin Pallin, Auzitegi Goreneko magistratu eta fiskal emeritua; Jose Maria Mena, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko fiskalburu ohia; Lluis Mestres, Atenas Juristas por los Derechos Civiles elkarteko kidea; Jordi Nieva, Zuzenbide Prozesaleko katedraduna Bartzelonako Unibertsitatean; Raimundo Prado, Francisco de Vitoria elkarte judizialeko kidea; Maria Victoria Rosell, epailea eta legebiltzarkide ohia; Ignacio Sanchez-Cuenca, Politika Zientzietako irakaslea Karlos III.a Unibertsitatean; eta Frank Verbruggen, Europako Zigor Zuzenbideko irakasle belgikarra Lovainako Unibertsitate Katolikoan.

360º saioak Causa Especial erreportajea eskainiko du gaur, 22:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.