Itxi

telebista

ETB2n, 22:15ean

Elizaren barruko pederastia aztertuko du gaur '360º saioak

EiTB

Eider Hurtadok aurkezten duen saioa Erroman izango da Eliza Katolikoaren barruko pederastiaren arazoa aztertzeko.

  • Pederastia elizaren barruan aztertuko du '360º saioak.

    Pederastia elizaren barruan aztertuko du '360º saioak.

Eider Hurtadok zuzendu eta aurkezten duen '360º' saioa Erroman izango da aste honetan, Eliza Katolikoaren barruko pederastiaren arazoa aztertzeko. Mundu osoan, oro har, sexu abusuak 100.000 lagunek jasan dituztela uste dute. Biktimak etsita daude, orain gutxi Vatikanoan goi bilera egin badute ere, ez dutelako neurri zehatzik hartu.

Erroman, Davide Cito Frantzisko aita santuaren aholkulari eta Zigor Zuzenbide Kanonikoko irakasleak hartuko du lantaldea. Citok onartu egin du urte askotan Elizak okerrak egin dituela eta biktimei ez diela behar bezalako erantzunik eman.

Halaber, Francisco Zanardi abusuen biktima eta Italiako Abusuen Sarearen presidentea elkarrizketatuko du Hurtadok. Abusuek utzitako arrastoak osasunean eragina ere izan dutela adierazi du. Berak, esaterako, koloneko minbizia izan zuela kontatuko du, umetan apaiz batengandik jasotako abusuak somatizatu zituelako.

Berebat, emakumeak Elizan izandako abusuen inguruan erantzunak topatzen saiatuko dira. Luceta Scaraffia kazetariak, L’Osservatore Romano Vatikanoko egunkariko Mujeres Iglesia Mundo aldizkariaren sortzaileak dimisioa eman zuen orain gutxi, eta Elizaren barruan 'emakume obediente'aren kultura itzuli dela salatu du.

'360º' saioak, halaber, mahai gainean jarriko ditu teoria eztabaidagarriak, Frederic Martelek Sodoma: poder y escándalo en el Vaticano liburuan azaltzen duena, esaterako. Kardinalek, gotzainek eta apaizek prostitutuak ordaintzen dituztela eta Vatikanoko apaiz gehienak homosexualak direla esaten du bertan. Bere liburuak hautsak harrotu ditu Vatikanoan. Arrasto horri jarraituz, saioko lantaldeak beste lekuko harrigarri bat lortu du: apaizgai ohi batek Kolonbiako Trujillo kardinal boteretsuarentzat prostitutuak nola lortzen zituzten kontatuko du.

'360º' saioak gertuko kasuak ere jorratuko ditu, Garesko Padres Reparadores ikastetxean abusuak jasan zituen gizonarena, adibidez. Anaiak bere buruaz beste egin zuen, baina, aurretik, gutun batean azaldu zuen nolako abusuak sufritu zituen. Gutun horrek eta gizonaren kontakizunak testigantza ikaragarria utziko dute saioan.

Horrez gain, Bilboko Deustuko Salestarren ikastetxeko testigantza berria eskuratu du ETB2ko programak, auzia argitara eman zuen gizonarena. Horren esanetan, dozenaka ikasle ohik salatu zuten irakasleak hainbat aldiz bortxatu zuen bera.

Azkenik, Felix Alonso Bilboko bikario nagusiak Euskal Herriko Eliza Katolikoan izandako kasuen ugaritasuna aztertuko du.

'360º' saioa gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista