telebista
22:30ean
'Inquebrantable' pelikularen estreinaldia, gaur gauean 'La Noche De...' saioan
EiTB
Gainera, Peter Dinklage eta John Wayne aktoreen inguruko erreportajeak eskainiko ditu saioak.
-
'Inquebrantable' pelikularen irudia
Gaur gauean, Inquebrantable pelikularen estreinaldia eskainiko du 'La Noche de...' saioak, Bigarren Mundu Gerra garaian izandako benetako gertakari batzuetan oinarritutako filma. Eric Liddell eskoziarra da pelikularen protagonista. Londresko Olinpiar Jokoetan 400 metroko proban urrezko domina irabazi ostean, Txinara itzuli zen, jaioterrira. Bertan, misioetan aritu zen haurrei eskolak ematen. 1937an, Japoniak Txina hartu zuenean, haren emazteak eta hiru alabek Kanadara ihes egin zuten, baina Liddellek Txinan geratzea erabaki zuen, zibilei laguntzeko.
Joseph Fiennes aktorea ikusiko dugu Liddellen paperean, eta, horrekin batera, Shawn Dou, Elizabeth Arends, Richard Sanderson, Jesse Kocve eta Augusta Xu-Holland.
50 urte bete dituen Peter Dinklage aktoreaz ere mintzatuko zaigu Felix Linares aste honetako programan. 'Game of Thrones' telesaileko Tyrion Lannisterren ibilbidea errepasatzeaz gain, jasan dituen transformazioak aztertuko ditu.
Bestalde, Hollywoodeko izarren talentu ezkutuei buruzko atalean, Angelina Joliek aiztoekin duen trebetasuna erakutsiko digu.
Amaitzeko, John Wayneren heriotzaren 40. urteurrenean, haren inguruan sortutako kondairak ekarriko dizkigu gogora Los archivos secretos de La Noche de... atalak.
'La Noche de... Inquebrantable' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.