Itxi

telebista

22:30ean

ETB2k 'Restaurante Sin Barreras' saio berria estreinatuko du gaur gauean

EiTB

Desgaitasuna duten zortzi gazte izango dira saioaren protagonistak, eta sei astean prestatuko dira jatetxe batean langile izateko.

  • Restaurante sin barreras saioko lehiakdieak

    Restaurante sin barreras saioko lehiakideak. Argazkia: EiTB

ETB2k eta eitb.eus-ek 'Restaurante Sin Barreras' saio berria estreinatuko dute gaur gauean. Iñaki Urrutiak aurkezten duen saioak desgaitasun intelektuala duten zortzi gazte hartuko ditu protagonista.

Zortzi parte-hartzaileek euren bizitzako erronkarik handienari aurre egin beharko diote: sei astean prestatu beharko dira jatetxe bateko langile izateko. Denbora horretan, euren mugak gainditu, eta sukalde profesional guztietan beharrezkoak diren gaitasun eta trebetasunak lortu beharko dituzte. Ikasitako guztia, gainera, finaleko ekitaldi handi batean erakutsiko dute. Prozesu osoan zehar, lehen mailako bi irakasle izango dituzte: Luisa Lopez eta Iñaki Andradas.

Alex, Igone, Julen, Leire, Lucia, Mikel, Saioa eta Sergio ikasleek naturaz inguratutako eskola moderno batean egingo dituzte euren ikasketak. Alde batetik, sukaldaritza tailerra jasoko dute Iñaki Andradas sukaldariaren eskutik, eta, bestetik, sala eta protokolo tailerra izango dute, Luisa Lopezekin. Halaber, elkarrekin biziko dira eskolan, eta ikasi eta bizitako esperientziak partekatuko dituzte.

Saio bakoitzean, gainera, Euskadiko eta Nafarroako herri eta toki ezberdinetara irtengo dira saio amaierako probak egitera, eta lantalde ezberdinetan murgildu beharko dute. Gainera, egoera horietan ezagutuko duten jendearekin harremanetan jarri beharko dira.

Horrez gain, saio bakoitzak izen handiko gonbidatu bereziak ekarriko ditu. Haien eskutik, klaseak eta testigantza pertsonalak jasoko dituzte gure protagonistek, eta gonbidatu bakoitzak bere ibilbidean zehar zer-nolako oztopoak gainditu behar izan dituen kontatuko die.

Programaren dinamika

Atal guztiek antzeko egitura izango dute: hezkuntza tailerrak emango dira lehenengo, ikasleek praktikak egin beharko dituzte gero, eta azterketa egin beharko dute azkenean.

Sukaldaritza tailerrean, Iñaki Andradasek sukaldaritza teknika bat erakutsiko die atal bakoitzean, eta ariketa praktiko bat egin beharko dute gero. Ondoren, sala eta protokolo tailerrean, bezeroekin harremana landuko dute, eta joko eta dekorazio-probetan parte hartzeko eskatuko die Luisak.

Horrez gain, ostalaritza postu ezberdinetan nola aritu ikasiko dute, profesionalak bertatik bertara ikusita. Horretarako, pintxo-potean, haurren kanpamendu batean eta ekintza solidario ezberdinetan arituko dira, besteak beste.

Atal bakoitzaren amaieran, azken proba bati egin beharko diote aurre gure protagonistek. Ostalaritza lantalde bateko kide bihurtuko dira, eta mota ezberdinetako bezeroekin egon beharko dute.

Proben balorazioa egiteko, laneko kideen eta bezeroen iritziek garrantzi handia izango dute. Ondoren, lehiakideak eta Luis eta Iñaki irakasleak Iñaki Urrutia aurkezlearekin batera bilduko dira, probako ikaslerik onena nor izan den erabakitzeko.

'Restaurante Sin Barreras' ostegunero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.