telebista
Estreinaldia ekainaren 5ean
ETBk Carrero Blancoren hilketari buruzko telesaila estreinatuko du
A.E.
EITB
Miguel Bardemek zuzendu duen telebistarako filmean Jose Angel Egido, Unax Ugalde eta Anartz Zuazua daude 70 aktoretik gorako taldean.
1973ko abendua da. Francok 81 urte bete berri ditu. Bolo-bolo dabiltza bere ondorengotzari buruzko zurrumurruak frankismoaren estamentu guztietan. Ekainean Carrero Blanco almirantea Gobernu presidente izendatu eta erregimenaren gizon nabarmenena bilakatzeaz gain, diktadorea hiltzen denean postuan jarraitzeko hautagai nagusi bilakatu da. 1973ko abenduaren 20an Carrero elizatik irten eta Dodge markako auto ofizialean sartzen da bulegorantz. Claudio Coello kaleko 104 zenbakiaren ondotik pasatzerakoan, ETAk autoa lehertarazi eta honek eraikinaren gainetik jauzi egin eta bertan eroriko da.
Ekainaren 5ean ETBk El asesinato de Carrero Blanco telebistarako egindako filmaren lehen zatia emango du eta hurrengo igandean, hilaren 10ean, bigarrena, biak gaueko 22:00etan. Telesailaren atariko, maiatzaren 30ean, Carrero Blanco, el consejero fiel dokumentala eskaini zuen. Lan hauek Espainiako historia hurbilenean giltzarri izan den gertaera errepasatu dute. Estatuari aurre egin zion erakunde terroristaren neurria agerian jarri zuen atentatua dute ardatz.
Bocabocak ekoiztutako telesaila egiteko dokumentazio lan handia egin da. Ikerkuntzako kazetaritza eta hemeroteka lan handia, halaber. Urrian hasi zen filmazioa. Donibane Lohitzune, Ziburu, Irun eta Madrilen girotu dute orain dela 37 urte jazotako magnizidioa.
Thriller politikoa
Miguel Bardemek zuzendutako telesail laburrak thriller politiko dramatizatu itxura du. Atentatuaren inguruko xehetasun guztiak berritu eta osatzen saiatu dira: Madrilen ETAko kideen jarduna; garai hartako Estatuko seguritate indarren lotura falta eta atentatua zapuztu ahal izan zuten polizien ikerketak. Halaber, Espainiako historian giltzarri izan zen ekintza hau iluntzen duten datu asko ere bildu dituzte.
Bocaboca ekoiztetxeak orain arte ezagutu ez den bertsioa erakutsi nahi du, ETAk atentatuan bakarrik ez zuela parte hartu argitu nahi du, alegia. Miguel Bardemen esanetan, dagoeneko argitaratuta dauden hainbat saiakeretan ere ideia hori defendatzen dute. El asesinato de Carrero Blanco ez dabil eztabaidaren bila, egiaren bila baizik. Benetan gertatutakoa kontatu nahi dugu. "Gure azalpena oso serioa da -adierazi du Bardemek-. Bidea irekitzen ari gara, ekintza historiko baten ikuspuntua dela-eta; historia berrikusten ari gara".
Kontaketaren puntu garrantzitsuena, bonba leherrarazteko ETAkideek emandako urratsak dira. Carrero Blanco eta ETAkideen pertsonaiak dira, beraz, protagonista.
70 aktoretik gora
Jose Angel Egidok almirantearen papera hezurmamitu du. Unax Ugaldek, berriz, Arriaga ETAkidearen papera egiten du, ekintzaren burua da. Atentatua mendekatu nahi zuen militar talde batek 1978an hil zuen Arriaga. Pedro Casablanc da Sanchez komisarioa. Anartz Zuazua izango da, berriz, Goyen, eta Jose Luis Torrijo Santoja jenerala. Carlos Garcia de Ollana aktorea Lopez Bravo ministroa-rena egiteko aukeratu dute.