telebista
20:00etan
Labraza ezagutzeko aukera, arratsaldean, 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioan
EiTB
Arabar Errioxara bidaia egin eta harresidun herri txiki horretan murgilduko da Arguiñano, bertako herritarren eskutik.
-
Joseba Arguiñano Labrazan. Saiotik aterako irudia.
Arabar Errioxako Labraza udalerrira, Oionera, egingo du bisita gaur 'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioak.
Bertan, Elias Garcia izango dute bidelagun, erretiroa hartuta Bartzelonatik bere jaioterrira itzulitako historia zale sutsua. Eliasen eskutik Euskal Herriko harresidun herririk txikiena bisitatuko du Joseba Arguiñanok, toki horren xarma bertatik bertara ikusteko. Izan ere, 2008an Harresidun Hirien Nazioarteko Zirkuituaren munduko saria eman zioten Labrazari.
Arabako Errioxako paisaietan mahastia da protagonista. Labrazan, baina, salbuespen bitxi bat ere badago, Josebak galduko ez duena. Pinar de Dueñas izeneko tokia da hori, mahastiz inguratutako pinudia. Gaden elkarteko Andres Illanarekin batera egingo du bertara ibilaldia.
Ehun urtetik gorako mahastietan ere murgilduko da Arguiñano, Iker Alis mahastizain gaztearekin. Hala, Hontza ardoak eta Labrazako upeltegi tipikoak ezagutuko ditu, lurpean.
Labrazan lo egiteko Viva el Vino ostatua erakutsiko digu, eta herrian duten taberna bakarrean ere izango da Joseba, zentro sozialean. Labrazan zer jan galdetuta, Arguiñano jabetuko da badela herriko jai guztietan jan ohi den plater tipikoa. Larunbat honetako saioan erakutsiko digu zein den jaki hori, Alfonso Bujandaren laguntzarekin.
'Escapadas con Joseba Arguiñano' saioa 20:00etan izango da ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en.