Itxi

telebista

22:15ean

'No en mi nombre: la rebelión de las víctimas' erreportajea, gaur, "360º" saioan

EiTB

Bertan, lehendabiziko aldiz, arrazoi eta sentsibilitate ezberdineko biktimek alderdikeriaz erabili dituztela azalduko dute.

  • Eider Hurtadok zuzendu eta aurkezten du "360º" saioak.

    Eider Hurtadok zuzendu eta aurkezten du "360º" saioak.Argazkia EiTB.

Igande honetan, "360º" saioa No en mi nombre: la rebelión de las víctimas erreportajearekin dator. Bertan, lehendabiziko aldiz, arrazoi eta sentsibilitate ezberdineko biktimek alderdikeriaz erabili dituztela azalduko dute, eta alderdiak eta elkarteak seinalatuko dituzte. ETAk amaitu zuela bederatzi urte pasa direnean, zergatik da ETAren indarkeria debate politikoaren haria?

Hainbat biktimek, Maria Jauregik (Juan Mari Jauregiren alaba), Rosa Lluchek (Ernst Lluchen alaba) eta Consuelo Ordoñezek (Gregorio Ordoñezen arreba) esaterako, PPri eta Voxi euren izenak erabili izana aurpegiratu diete. Eider Hurtadok zuzendutako "360º" saioan, elkarrizketatuek urteetan jasandako azpijoko politikoek eragin dizkieten sentimenduak azalduko dituzte ahobizarrik gabe.

Halaber, beste biktima batzuk, GALen biktimak eta indarkeria yihadistaren biktimak kasu, ahaztuak izan direla salatuko dute. Pili Zabalak, Joxi Zabalaren arrebak, eta 11M elkarteko Eulogio Pazek hitz egingo dute horren inguruan.

Elkarte eta biktimen arteko desadostasunen inguruan ere arituko dira aste honetako saioan. Robert Manrique Hipercorreko atentatuaren biktima da, eta AVT eta ACVOT elkarteetako kidea izan da. Hainbat elkartek dituzten helburuak ezbaian jarriko ditu.

AVT elkarteko Angel Folguerak, berriz, biktimen aldeko 40 talde egoteak AVT ahultzeko helburu politikoa duela adieraziko du.  

Biktimak zatitzen dituzten arrazoietan sakonduko du "360º" saioak. Elkarrizketatuetako batzuek jasotzen diren dirulaguntzetan jarriko dute azpimarra. Orobat, zenbait biktimak alderdi politiko eta erakundeetan duten postuen kritika egingo dute.

Eta nola eragiten die horrek guztiak mina gainditu nahi duten biktimei? Gema Varona Biktimologiako Euskal Elkarteko presidenteak ondorioak azalduko ditu.

"360º" saioa 22:15ean dago ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.