Itxi

telebista

22:15ean

'Mujeres perseguidas' erreportajea, gaur gauean, "360º" saioan

EiTB

ETB2ko saioak indarkeriatik ihesi dabiltzan emakumeen testigantzak jarri ditu mahai gainean, eta indarkeria matxistaren aurrean atzerapausoak ematearen arriskuei buruz hausnartu nahi du.

  • Eider Hurtado "360º" saioaren aurkezle eta zuzendari.

    Eider Hurtado "360º" saioaren aurkezle eta zuzendari. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

Mujeres perseguidas da gaur "360º" saioak eskainiko duen erreportajearen izenburua. Bertan, Eider Hurtado kazetariak testigantza ikaragarriak bilduko ditu, besteak beste, Silvia Gonzalezena. Senar ohia kartzelatik atera eta bera hilko ote duen beldurrez bizi da. 20 urte egin ditu bikotekide ohiaren tratu txarrak jasaten, eta nahiz eta poliziaren babesa izan, ez dio inoiz mehatxatuta sentitzeari utzi.

Genero-indarkeria da emakume askok euren etxea uzteko hartzen duten arrazoia. Errealitatea are gordinagoa da, halaber, Mongolia bezalako herrialdeetan. Han emakumeen aurkako indarkeria normalizatuta dago. Errealitate hori Euskadin asiloa lortu zuen emakume baten bidez ezagutuko du saioak.

Orobat, munduko hainbat lekutan emakume jaiotzearen arriskuak erakusten dituzten kasuak bilduko dituzte: Amelia Tiganus, esate baterako, Errumanian jaio zen eta oso gaztea zela bortxaketa izugarri bat jasan zuen. Betirako marka utzi zion eraso hark. Handik gutxira proxeneta bati saldu zioten eta hainbat putetxe espainiarretan aritu zen lanean. María Teresa Rivera, berebat, sexu-eraso larri baten biktima izan zen neskatoa zela. Urte batzuk geroago, El Salvadorreko legeria matxistaren ondorioak ezagutu zituen: 40 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Salvadorren, abortu natural bat izan zuelako. Arrazoi horregatik munduan errefuxiatu izaera lortu duen lehen emakumea da.

LGTBI komunitatea ere jazarria izan da herrialde askotan, Nikaraguan, esaterako. Silvia Zuñigarekin hitz egin du ETB2ko saioak; lesbiana izateagatik heriotza-mehatxupean zegoen eta bere herrialdetik ihes egin behar izan zuen. Orain Bilbon da, asiloa lortzeko zain.

Bestalde, emakumeen aurkako beste muturreko indarkeria mota batez ere aritu dira saioan, emakumeen mutilazio genitalaz, alegia. Asha Ismail kenyarrak kontatuko du bost urte zituela eraso krudel hori jasan zuela, eta horrek betirako arrastoa utzi diola.

Erreportajeak emakume jaio eta izateko Indian arriskutsuenak diren herrialdeak zeharkatuko ditu. Ritu Sainirekin egongo dira, 16 urte zituela eraso garratza sufritu zuen  bere lehengusuaren ezkontza proposamena ez onartzeagatik. Gertakizun haren ondorioz, Indiako gizarte matxistaren bazterketa sufritu du.

Mujeres perseguidas lanak indarkeriatik ihesi bizi diren emakumeen testigantzak jarri ditu mahai gainean, eta indarkeria matxistaren aurrean atzerapausoak emateko arriskuei buruz hausnartu nahi du.

"360º" gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.