Itxi

telebista

Pastorala

'Domingo Garat' pastorala, gaur, Pazko astelehenean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

2019ko uztailaren 28an eta abuztuaren 4an antzeztu zuten Pagolako herritarrek. Urtero legez Euskal Telebistak zuzenean grabatu zuen Aste Santuan emateko.

  • 2019ko udan Pagolan antzeztutako 'Domingo Garat' pastoralaren kartela

    2019ko udan Pagolan antzeztutako 'Domingo Garat' pastoralaren kartela

Domingo Garat pastorala 2019ko uztailaren 28an eta abuztuaren 4an antzeztu zuten Pagolako herritarrek, eta urtero legez Euskal Telebistak zuzenean grabatu zuen. Ohikoa denez, Euskal Telebistak 2020ko Aste Santuan emitituko du pastorala bere lehen kanaletik. Pazko astelehenean emango da, goizeko 10etan, hain juxtu. Emankizunean, euskara batuko azpidatziak eskainiko dira, eta testu osoa, zubererako eta batuko bertsioekin, EiTBren webgunean aurki daiteke, www.eitb.eus/eu/kultura helbidean.

Pastoralaren testua Frantxoa Caset pagolarrak ondu du. Caset ezaguna da Zuberoako euskalgintzan, abeslari ibili baita plazetan arrebarekin, Xiberoko Botza irratian laguntzaile gisa, eta ikastolan haurrei kantuan irakasten. Domingo Garat pastoralari dagokionez, idazlea ez ezik, arizalea ere izan da oholtza gainean.

Pastoralaren sujeta, Domingo Garat (1735-1799) uztariztarra, Frantziako Iraultzaren garaiko politikari bat izan zen. Beltzen esklabotzaren eta salerosketaren aurka jardun zuen, eta euskal probintzien eskubideak defenditu zituen. Pariseko karrera politikoa amaitutzat emanda, Euskal Herrira itzuli, eta Uztaritzeko alkate izan zen. Pastoralean ondo islatuta daude zein pertsona konplexua izan zen, alde batetik, Frantziako Errepublikan eroso eta, beste alde batetik, euskal hizkuntzari eta kulturari atxikia.

Domingo Garat pastorala gaur, apirilaren 13an, izango da ikusgai, 10:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.