telebista
Bilboko Aste Nagusia
Marijaia Bilbora dator 'Euskadi Directo'ren eskutik
A.H.
EITB
Bilboko jaien hasiera eskainiko duen saio berezia 18:30ean hasiko da eta 21:00ak arte luzatuko da.
''Euskadi Directo'' Bilboko jaien hasieraren lekuko izango da larunbat honetan arratsaldeko 18:30ean hasi eta gaueko 21:00ak arte iraungo duen saio berezi batekin. Adela Gonzalezek aurkeztuta, edizio berezi honek Marijaiaren etorrera eskainiko du zuzenean eta Arriaga plazan biziko den giroaren berri emango du. Aurten, Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarrutarra izango da Aste Nagusiko pregoilaria eta Patricia Lezama txupinera, jaiei hasiera emateko arduradunak.
Txupinazoaren aurretik eta gaueko 21:00ak arte, ''Euskadi Directo''ko erreportariak jaietako leku esanguratsuenetan kokatuko dira. Alde batetik, Arriaga Antzoki barrura sartuko dira, bertan jaiei hasiera emateko bilduko diren Biilboko pertsona ezagunekin egoteko. Bertan izango dira, besteak beste, Iñaki Azkuna alkatea, Itziar Urtasun jaietako zinegotzia eta aurrez aipatutako txupinera eta pregoilaria. Horrez gain, saioaren erreportariak kalean ere izango dira, Arriagako plazatik bertatik Marijaiari egingo saion harrera aurrez aurre bizitzeko.
Aurten ere saioak leku estrategiko propio bat izango du, Euskadi Directo Iparkutxa terraza. Bertan, bi erreportarik hainbat gonbidatu elkarrizketatuko dituzte, Aste Nagusiaren hasiera Euskal Telebistako ikus-entzuleekin partekatuko dutenak. Angel Martin eta Ricardo Castella Nunca es tarde antzezlaneko aktore protagonistak, ETBko pertsonaia famatuak - Andoni Agirregomezkorta, Urko Aristi eta Iñigo Lejarza-, Bilbao Basket-eko jokalariak eta La Otxoa horien artean.
Larunbateko saio berezian zehar, hiriburu bizkaitarreko jaiek gordetzen dituzten sekretu eta misterioak argitu nahi izango dituzte erreportariek, baita Aste Nagusian sortutako zenbait ohitura bitxiren berri eman ere. Zortzi jai egun hauetarako hiria nola prestatu den, Bilbora milaka turista hurbiltzen diren egun hauetan taberna eta hotelak hartzen dituzten neurriak, bilbotarrek jaietarako janzten dituzte look bereziak, txosna bat erakitzeko beharrezkoa den denbora, edota jai egunetan kanpora joatea erabakitzen duten familien gustuak aztertuko dituzte.
Horrez gain. ''Euskadi Directo''ko kazetariek Marijaiaren abestia dantzatzeko koreografia erakutsiko diote kaleko jendeari eta Kirmen Uribe pregoilariarekin mintzatuko dira, haren Bilboko tokirik gustukoenen inguruan.
''Euskadi Directo'' saio berezia larunbat honetan eskainiko da 18:30tik aurrera ETB-2n.