Itxi

telebista

21:30etik aurrera

Egan, Grises eta Enkore taldeak protagonista, 'Beste Bat' saioan

A.H.

EITB

Saioa hiru taldeen egunerokotasunaren lekuko izango da.

Igande honetako 'Beste Bat' saioak Egan, Grises eta Enkore taldeak hartuko ditu protagonista eta Euskadin hain ezaguna den Egan taldearekin hasiko dira, askok dioten moduan "3 belaunaldiren arteko zubia". Taldearen hastapenen errepasoa egingo du Xabier Saldiasek eta horrez gain, abuztuko kontzertuen prestaketarako bilduko da taldea. Haien ohiko energia eta umore onarekin, pilota partida ere jokatuko dute.

Grises talde zestoarrak, bere aldetik, pop alternatiboa jotzen du. Taldekideen egunerokotasuna ikusiko du 'Beste Bat'ek igande honetan, bakoitzari bere lanean bisita eginez. Batzuek musikarekin zerikusirik ez duten arlotan egiten dute lan; Eñautek, abeslariak, berriz, estudio txiki bat sortu du.

Azkenik, Enkorerekin elkartuko da saioa. Taldea gertakizun garrantzitsu baten aurrean ikusiko dute: Enkorek BBK Live jaialdian jo beharko du. Kamerinoetara hurbildu eta eszenatokira igoko dira beraiekin, kontzertuaren prestakuntza ikusi eta, nola ez, emanaldiaren lekuko izateko.

'Beste Bat' igande honetan emitituko da 21:30etik aurrera ETB1-en.