Itxi

telebista

Asteazkenean ETBSat-en

Eliteko euskal kirolariak protagonista, 'BAT to London 2012' saioan

A.H.

EITB

2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko sailkatuak izan diren edo sailkatzea bilatzen duten euskal kirolariekin izango da saioa.

  • Oiana Blanco. Argazkia: EITB

Asteazken honetan, ETBSat kateak 'BAT to London 2012' saioren bigarren atala eskainiko du 22:30etik aurrera. Iñigo Asensiok aurkeztutako kirol sail honek hurrengo hitzordu olinpikorako sailkatuak izan diren edo sailkatzeko dauden euskal kirolariak hartzen ditu hizpide, eta asteazken honetan, Alvaro Gonzalez de Galdeano, Tania Calvo, Mikel Odriozola, Oiana Blanco, Eunate Agirre eta Elaia Torrontegi izango dira protagonistak. Horrez gain, Parisen amaitu berri den Munduko Judo Txapelketaren berri emango dute eta saskibaloi lehiaketak hartuko dituen Londreseko instalazioak ezagutuko dituzte, besteak beste.

Hasteko, Alvaro Gonzalez de Galdeano, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen txirrindulari profesional ohiarekin egongo dira. Bere ibilbide profesionalaz hitz egingo du Tania Calvo txirrindulari gaztea lagun duela. Taniak oso denboraldi ona egin du nazioarteko lehiaketa ezberdinetan parte hartuz eta orain gogor prestatzen ari da 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko.

Bestalde, Mikel Odriozola martxa korrikalariak Londresera begira dituen itxaropen eta aukerez hitz egingo du. Olinpiar Jokoetan parte hartzen duen hirugarren aldia da eta 'BAT to London 2012' saioa Navacerradan egiten duen prestaketa saioaren lekuko izango da.

Horrez gain, asteazkeneko saioak Parisen ospatutako Munduko Judo Txapelketaren inguruko laburpena eskainiko du. Oiana Blanco eta Kiyoshi Uematsu judoka euskaldunek parte hartu zuten bertan eta gipuzkoarrak saioaren kamerak gidatuko ditu Frantziako hiriburutik zehar, bere sailkapenerako aukeren inguruan hitz egingo duen bitartean.

'BAT to London 2012' saioa, gainera, Londresen izango da saskibaloiko txapelketak hartuko dituzten instalazioak ezagutzera. Bertan, Kroazia edo Frantziaren mailako selekzioek txapelketa bat jokatu berri dute.

Amaitzeko, Eunate Aguirre bodyboarderra eta Elaia Torrontegi taekwondista saioaren sail dibertigarri baten protagonistak izango dira. Bertan, kirolarien espezialitatea ez den beste kirolei buruz zenbat dakiten neurtuko du 'BAT to London 2012' saioak.

'BAT to London 2012' BAT Basque Team taldearen kolaborazioarekin ekoiztutako saioa da eta eliteko euskal kirolariak hartzen ditu protagonista. Kirolariek Beijing 2008an lortutako arrakasta berdintzen saiatuko dira. Izan ere, Beijingen 35 euskal kirolarik parte hartu zuten eta horietatik hamaikak disziplina paralinpikoetan. Saioaren atal ezberdinak hilabetero eskainiko ditu ETBSat-ek, azkeneko atalaren emanaldia Olinpiar Jokoen inaugurazioarekin bat egin dezan.