Itxi

telebista

22:30ean, ETB2n

"Una Historia de Vasconia" saioaren 3. denboraldia, gaurtik aurrera

EiTB

Euskal matriarkatuaren mitoa aztertuko du Alberto Santanak lehen atalean.

  • "Una Historia de Vasconia" dokumental sortako 3. denboraldiko lehen atalaren irudia

    "Una Historia de Vasconia" saioko irudia. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Gaur gauean, "Una Historia de Vasconia" dokumental sortaren hirugarren denboraldiaren estreinaldia eskainiko dute ETB2k eta eitb.eus-ek. Alberto Santana historialariaren eskutik, ikerketaren eta aurkikuntzaren munduan barrena bidaia erakargarria proposatzen du saioak, eta Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskaintzen du.

Ikerketa eta aurkikuntzak ardatz dituen bidaia ikusgarria da "Una Historia de Vasconia", historiaurrean hasi eta XX. mendera arteko iraganeko gertaera handien agertokiak eta protagonistak birsortzen dituena.

Alberto Santanak ikerketa zientifiko berrienak hartzen ditu kontuan historian barrena egindako ibilbide honetan. Topiko eta leku komun zabalduenetako batzuei buruzko eztabaida sustatzen du, eztabaida irekia eta adeitsua. Kondairak desmitifikatzea eta gure iraganeko pasarte ilun asko argitzea da asmoa.

Denboraldi berri honek zortzi atal izango ditu. Besteak beste, Juan Sebastian Elkanorekin nabigatuko dute munduan zehar, eta esklaboen trafikatzaileekin, Afrika eta Karibe artean. Halaber, sinesmen errotuenen jatorria ezagutuko dugu, kristautasunetik hasi eta matriarkatuaren mitoraino.

"Una Historia de Vasconia" saioan, berebat, abentura hunkigarriak biziko dituzte, kontrabandistak eta bidelapur bandak bide sekretuetan lagun dituztela, eta euskal soldaduak, Lehen Mundu Gerrako lubakietan. Azkenik, euskal foruen sorrera izango du hizpide, eta Euskal Herriko janariaren eta edariaren benetako historia dastatuz gozatuko dugu.

Euskal matriarkatuaren mitoa, lehen atalean

Kantauriko herri primitiboetako emakumeek botere handia zuten ustea oso zaharra da. Gizonak euren esanetara makurtuta zituzten ustea zabalduta zegoen (Estrabonen iruzkinak, k.a. I. mendea).

Europako eremutik kanpoko gizarte txiki bakan batzuetan (saharauia, Meghalaya, Juchitan…), emakumeak ahaldunak dira eta protagonismo ekonomiko eta soziala dute, baina kultura horietan ere ez dago benetako ginekokraziarik, ez dutelako gehieneko aginte politikorik.

Dokumentalaren ildoen arabera, matriarkatuaren mitoa XIX. mendeko burgesia europarraren asmakizun teorikoa da, baina Euskal Herriko biztanle askok erabili eta barneratu dute, ustez, eremu mediterraneoko beste herrietatik bereiziko gintuzkeen zenbait jarrera eta jokabide azaltzeko.

Ikuspuntu historiko eta ez esentzialista batetik aztertuko du dokumental saioak euskal matriarkalismoaren mitoa, dokumentu idatzietan eta aurkikuntza arkeologikoetan oinarrituz, emakume euskaldunen protagonismoa ezagutzeko gure herriko bizimoduaren zenbait eremutan: sexuala, etxekoa, ekonomikoa, juridikoa, erlijiosoa eta politikoa. Horrez gain, euskal mitoetako mundu sinbolikoko irudiez baliatuko dira hobeto uler dezagun nola sortu den gure imajinarioan euskal emakumearen irudia, eta zer ondorio ikus daitezkeen gaur egungo gizartean.

"Una Historia de Vasconia" saioa 22:30ean izango da ikusgai, asteazken gauero, ETB2n eta eitb.eus.en.