Itxi

telebista

Aurkezpena

Denboraldi berria Euskal Telebistan

A.E

EITB

Albistegietan guztia prest irailaren 5ean kurtsoari ekiteko. EITB taldeko irratiek ere kurtsoa saio berriekin hasiko dute.

Euskal Telebistako albistegi taldeak ia guztia prest du denboraldi berriari indartsu eusteko. Irailaren 5ean ekingo diote kurtsoari hainbat ekimen eta asmo berriekin.

'Egun On Euskadi' goizeko 08:00etan hasiko da eta 10:10ak arte iraungo du, astelehenetik ostiralera, Vanessa Sanchez eta Aitzol Zubizarreta aurkezle dituela. Hartara, 'Forum' kultur tartea ondoren eskainiko da. Hain justu, kurtso honetan 'Forum' saioan erreleboa izango da: David Barbero kazetari beteranoak saioa utziko du eta urtarriletik aurrera Begoña Zubieta kazetaria izango du aurkezle eta zuzendari eta Marisa Ozalla, berriz, zuzendariorde.

Eguerdiko albistegian, ETB-2n Africa Baeta izango da gidaria eta ETB-1en Xabier Usabiagak eta Amaia Cayerok aurkeztuko dute informazio guztia. Gauean, 'Gaur Egun' Ander Arzakek aurkeztuko du eta 'Teleberri' Asier Odriozola eta Andrea Arrizabalagak. Asteburuan, Saioa Martija izango da 'Gaur Egun'aren gidaria eta Estibaliz Ruiz de Azua 'Teleberri'koa. Astebarruan, gauerdiaren inguruan 'Gauberri' izango da eguneko azken informazio hitzordua ETB-1en eta 'Teleberri 3' ETB-2n. Igor Siguero eta Olaia Urtiaga izango dituzte aurkezle hurrenez hurren.

Informaziorik hurbilena 'Euskadi Directo'ko erreportari taldearen eskutik izango dugu.

Horrez gain, euskarazko informazio apustua sendotzeko asmoz, asmo berri bat prestatzen ari da ETB. Asteko gertakizun nabarmenak errepasatzea izango du oro har xede lantzen ari diren proiektuak.

Beste albiste tarte batzuk ere bueltan dira. Maddalen Iriartek gidatzen duen 'Azpimarra' ETB-1eko eguneroko saioa programazioan izango da astelehenetik, elkarrizketa, iritzi zutabe eta solas mahaiarekin. Ostegunean, Ana Aizpirik zuzentzen duen 'Hora GMT' nazioarteko saioa izango da ikusgai ETB-2n. Gure mugetatik at jazotzen duena bilduko du saioak, hausnarketa, elkarrizketa eta ETBko korrespontsari sarearen parte hartzea izango da. Dani Alvarezen 'Plato 2.0' aktualitate saioa laster izango da ETB-2ko gaueko programazioan eta igande goizetan, bestalde, 'Palabra de Ley'k legebiltzarreko berri guztiak ekarriko ditu.

Eguraldiari buruz berri emateko astebarruan Andoni Aizpuru ETB-1en eta Ana Urrutia ETB-2n, eta asteburuan Urko Aristi euskaraz eta gaztelaniaz izango ditugu. Gainera, 'Eguraldia'ren tarte berezi bat ere prestatzen dabiltza 'Arratsaldero'ren ondoren, 19:50ean, eta 'Gaur Egun'aren aurretik emateko. Informazio zabalagoa eta osatuagoa eskainiko da bertan.


ETBK Sat kirolaren erakusleiho handi bat izango da

Datorren astelehenetik, irailaren 5etik, aurrera ETB Sat kirolaren erakusleiho handi bat izango da. TDT bidez Euskal Autonomia Erkidegoan ikusgai dagoen telebista kateak kirol eskaintza zabala eta anitza izango du, 16 ordu egunero, eta programazio hori ETBK Sat markarekin helduko da ikus-entzuleengana. ETBren esklusiba handiak berriro ikusteko aukera izango da, lehen emanaldiak eta ekoizpen berriak egingo dira, eta ETBren artxiboaz baliatuz, azken hiru hamarkadetako kirol gertakizun garrantzitsuenak berreskuratuko dira.

''Ditugun baliabideei ahalik eta zukurik gehiena atera nahi diegu, gure programazioa aberastu asmoz'', dio Mikel Olazabal ETBko Kiroletako zuzendariak. ETBren kirol programazioa optimizatzea da apustu honen helburua. ''ETB-1ek bere esklusibekin jarraituko du eta horien osagarri, formatu berriak egingo ditugu'', gaineratu du. Bestalde, ETB Sat-eko programazioa, albistegiekin (eguerdiko 'Gaur Egun' eta gaueko 'Teleberri') eta entretenimendu saioekin osatuko da.

ETB-1ek, orain arte bezala, lehen mailako edukiak eskainiko ditu: Txapeldunen Liga eta Bigarren Mailako futbola, saskibaloiko Euroliga eta ACB Liga, eta pilota, txirrindularitza proba garrantzitsuenak eta estropadak ahaztu gabe. Bestalde, herri kirolen tarteak zabalik jarraituko du igande bazkalostean.

Prime-time ordutegiak orain arte bezalako egitura izango du, nobedade batekin: Jose Ituartek 'La Entrevista' saioa, kirol munduko protagonista bati elkarrizketa, aurkeztuko du asteazken gauetan. Bestalde, zesta puntako partidak 'Jai Alai' saioaren barruan emango dira hemendik aurrera eta palak eta erremonteak 'Frontoi Luzea'n jarraituko dute. Zesta punta suspertzeko asmoz, nortasun propioa izango du. Halaber, emakumeen kirolari bultzada emateko ahalegin berezia ere egingo dute denboraldi berrian.

Goizean eta arratsaldean Pilota festa eta Futbol festa tarteak zabalduko dituzte. Lehendabizikoak ETBren pilota emankizunak ekarriko dizkigu banan-banan. Bigarrenari dagokionez, areto futbol partida bat eskainiko du larunbatero, Lehen Mailako futbol laburpenak asteleheneko 'Gol a Gol' saioan eta Athletic eta Realari buruzko saio bereziak.

Bazkal ostean, orain arte bezala, txirrindularitzak izango du lehentasuna. Zuzeneko emanaldirik ez dagoenean bezperako saio nagusiak beteko du tarte hori, igandean izan ezik. Egun horretan kirol minoritarioen emanaldiak eskainiko dira.

'Zu Kirolari', 'Champions League', 'Magazina Champions', 'Boxeo Izarrak', 'Tribuna Gol', 'Deporte a Debate', 'Zona Zapping' eta 'Gure Bideoteka' saioek jarraipena izango dute denboraldi berrian, eta 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunero eskainiko dute kirol aktualitatea.

Amaitzeko, Jon Balentziaga izango da 'Teleberri' eta 'Gaur Egun' albistegietako kirol tartearen editore berria astelehenetik asteazkenera bitartean, Asier Aranguren ordezkatuz. Arangurenek Xabier de la Fuenteren lekua hartuko du saskibaloi sailaren arduradun gisa. Balentziagak, editorea izateaz gain, aurkezle lanetan ere jarraituko du.


'Escépticos'en estreinaldia eta 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren bigarren edizioa

Irailean ETB-2n 'Escépticos'en estreinaldia izango da. Luis Alfonso Gamez kazetariak aurkeztuko du saioa eta Jose A. Perezek zuzendu. Jorratuko dituen gaiak, besteak beste, hauek dira: homeopatia, jainkorik ba ote den, ohe objektu hegalari ezezagunak, eta telefonia antenak eta osasunaren arteko harremana. Gaiok modu entretenigarrian eta ikuspegi dibulgatiboa kontutan hartuz erakutsiko dituzte. Guztira 13 gai zientifiko eta sasizientifiko azalduko dituzte. Probatuta dauden gertaerak eta faltsuak direnak banatzen saiatuko da saioa. Ikusleak pentsamendu eszeptikoa izan dezan gakoak emango zaizkio. XXI. mendean aurrerapen zientifikoari aurre egin nahi dieten mito irrazional handiei begirada botata. Gabonetan telesailaren atariko atala eman zuen ETBk ikus-entzule eta internet zaleen artean arrakasta handia lortuta.

ETB-2an, halaber, laster izango dugu ikusgai 'El Conquistador del Aconcagua'ren bigarren edizioa Julian Iantzik aurkeztuta eta ondorio duen eztabaida tartea, 'Aconcagua, la Aventura', Iñaki Lopezekin. Bigarren edizio honetan mendiaz ezer gutxi dakiten 16 lehiakide izango dira, tartean Mikel Goñi pilotaria. Bete beharreko erronka Amerikako gailur garaienera iristea da. Lan horretan Juanito Oiarzabal izango dute lagun berriro. Dena den, Aconcaguara igotzea ez da izango proba bakarra, gailurra egiteko postu bat eskuratzeko elkarren artean borroka egin beharko baitute. Onenek, beraz, izango dute Aconcaguara igotzeko aukera hori. Bestalde, abian da urtarrilean ikusgai izango den 'El Conquistador del Fin del Mundo'ren hurrengo edizioa.


Trantsizioa Euskadin hizpide dokumental sail batean eta fikziozko eskaintza

Negurako, berriz, 'Transicion y Democracia en Euskadi' dokumental sail berria iragarri du ETBk. Jose Miguel Azpiroz eta Antonio Cristobalek zuzendutako lanak Iñaki Gabilondoren parte hartzea du. Hamar atalek osatzen duten lan honetan Juan Pablo Fusi, Jose Ramon Perez, Luis Castells, Jaime Ugarte, Angel Garcia Marcotegi eta Angel Pascual historialarien, eta Felipe Juaristi poeta eta idazlearen kolaborazioa ezinbestekoa izan da. Euskadin trantsizio garaian esparru ezberdinetan izan ziren aldaketak ditu hizpide produkzioak.

ETBren partaidetza izan duten telebistarako filme sorta ere estreinatuko da denboraldi honetan: Mario Onaindiaren bizitzari buruzko El precio de la libertad: 1936ko kolpe militarrean Mola Generalaren zereginari buruzko Pedro Olearen La conspiración; Javier Rebolloren Erresumiña-Resentimiento eta Luis Mariasen Luna llena thrillerrak; Sabino Aranaz diharduen Patxi Barcoren Sabin eta Juanba Berasategiren animaziozko Tormesko itsu mutila.

Bestalde, osasunari eskainitako saio berri bat ere izango da eta gainontzean, Robin Food-David de Jorgek errezeta eta tarte berriak ekarriko ditu; Felix Linaresen 'La Noche de...' saioak kartelerako film onenak eskainiko ditu; 'Vaya Semanita'ren umorea ETB-2n izango da eta orain arte legez, Klaudio Landa arratsaldero izango dugu 'Ni Más Ni Menos' magazinarekin.


'Finlandia'ko atal gehiago, 'Goenkale' haur lapurtuen inguruan eta proba berriak 'Mihiluze'n

'Mihiluze' proba berriekin dator Kike Amonarriz eta Ilaski Serranok aurkeztuta. 'Goenkale'k ere denboraldi berria estreinatuko du: aktore berriak izango dira, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga eta Maitena Salinas, besteak beste, eta intriga askoko istorioa haur lapurtuen gainean.

Ikuskizuna eta umorea uztartzen dituen 'Finlandia'ren atal gehiago izango da. Anjel Alkain, Ainere Tolosa, Aitziber Garmendia eta koadrila guztiak ez du hutsik egingo ETB-1en.

'Arratsaldero' magazina laster itzuliko da, baita 'Anitzele' ere Xabier Euzkitzeren eskutik. Bidaien berri emateko 'Chiloé' ekarriko du ETBk, oraingoan Xuban Intxaustik gidatuta. Ekuador, Holanda eta Lituaniako zokorik nabarmenenak bisitatzera eramango gaitu. Bestalde, prestatze lanetan ari dira 'Sut&Blai', 'Hitzetik Hortzera', 'Sautrela' eta 'Teknopolis' ikusleen aurrera agertzeko.


Haur programazioa ETB3ko Hiru3n

Hiru3k haurren programen eduki guztiak biltzen ditu ETB-3n. Laster eitb.com-en ere tarte garrantzitsua izango du.

ETB-3n, Hiru3k irudi erakargarri eta modernoan bilduta marrazki bizidun eta gaztetxoentzen saioak dakartza. Goizeko 07:30etik 22:00etara haur programazioaren eduki ontzi izango da. 'Doraemon', 'Harriketarrak', 'Shin Chan', 'One Piece', 'Megaman', 'Keroro Sarjentoa', 'Dragoi Bola'... guztiak sartuko dira.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista