telebista
Oholtzan
Kukairen kaleko ikuskizunen bilduma berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
'Gelajauziak', 'Topa' eta 'Topaguneak' lanak izango dira ikusgai "Kukai kalean" saio berezian, 22:00etatik aurrera.
Kukai dantza taldeak kalean egin dituen emanaldi bereziei errepasoa egingo dio "Oholtzan" programak larunbat honetan. 22:00etatik aurrera, dantza konpainia arrakastatsuak azken urteotan kalean eskainitako ikuskizunak emango ditu ETB1ek eta eitb.eus-ek.
Saioak hiru ardatz nagusi izango ditu: Gelajauziak, Topa eta Topaguneak ikuskizunak. Halaber, emanaldi bereziaren zutabe nagusi diren ikuskizun horiez gain, saioa beste emanaldi batzuetako irudi bereziekin eta Kukai konpainiako dantzariekin egindako elkarrizketekin osatuko da.
Gelajauziak ikuskizuna Kukai Dantzak eta Cesc Gelabert koreografo kataluniarrak sortutako ikuskizuna da. 2015. urtean, bi Max sari eskuratu zituen ikuskizun honek: musika konposizio onena eta dantzari talde onenarena. Ikuskizun honek 100 emanaldi baino gehiago eskaini ditu eta hamar herrialde baino gehiagotan aurkeztu da. Arizkunen egin da ikuskizunaren grabazioa, koronabirusak eragindako krisiaren 3 fasean sartu berritan.
Topa ikuskizuna Kukai Dantza eta Brodas Bros Bartzelonako konpainiaren arteko elkarlana da. Euskal dantza eta dantza urbanoa bateratzen dira ikuskizun bizi eta alai honetan. Ikuskizun hau Errenteriako Herriko enparantzan grabatu zen aurreko udan.
Topaguneak Chillida Leku Museoan egindako saio berezia da. Oskara ikuskizun arrakastatsuan oinarrituta, Kukai Dantzak saio bereziak eskaini zituen Erramun Martikorena, Joxan Goikoetxea eta Zubietako joaldunen kolaborazioarekin.
Horrez gain, Aralar mendian jasotako irudiak edota Etiopiako bidaiako bizipenei erreferentziak ere izango dira. Emanaldi hauetan bizi izandakoak izango dira elkarrizketen haria. San Telmo museoan ere egin ziren grabaketak.