telebista
Estropadak
Hasi da arraun denboraldia ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
24 emanaldi eskainiko dira: Euskotren eta Eusko Label ligetako estropada guztiak, Donostiako Bandera eta Euskadi eta Espainiako txapelketak.
-
Arraun denboraldia asteburuan hasiko da. EiTBren bideto batetik hartutako irudia
Aurten ohi baino beranduago hasiko den arren, arraun denboraldia ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitzeko aukera izango dugu. Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara ohiko esatarien eskutik, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak, Donostiako Bandera eta Euskadiko eta Espainiako txapelketak izango ditugu ikusgai. Uztailaren 4an hasi eta irailaren 20ra bitartean, 24 emanaldi egingo dira.
Coruñako Bandera izango da lehen proba: uztailaren 4an, larunbatean, lehen jardunaldia, eta uztailaren 5ean, igandean, bigarrena. Uztailaren 11n, Donostiarra Kaiarriba-CaixaBank Bandera jokatuko da, eta uztailaren 12an, Zierbenan, Petronor Bandera.
Bi liga nagusietako beste lau estropada eskainiko dira uztailean: Getxoko Ikurrina, hilaren 18an; Orioko Bandera, hilaren 19an; Bilboko Bandera, hilaren 25ean; eta El Correo bandera, Lekeition, hilaren 26an.
Hurrengo bi hitzorduak Euskadiko eta Espainiako txapelketak izango dira: lehena Lekeition jokatuko da, uztailaren 31n, eta bigarrena, Pedreñan, abuztuaren 2an.
Hondarribiko Bandera (abuztuaren 8an) eta Ondarroakoa (abuztuaren 9an) jokatu ostean, Zarauzko Ikurrinaren txanda izango da (abuztuaren 15ean eta 16an).
Abuztuko hurrengo lau estropadak gizonezkoek bakarrik jokatuko dituzte: Santurtzi (hilaren 22an), Sestao (hilaren 23an), Ares (hilaren 29an) eta Boiro (hilaren 30ean).
Iraileko lehen bi igandeetan (irailaren 6an eta 13an) Donostiako Bandera izango da ikusgai, eta aurretik, sailkatze estropada ere bai.
Bermeoko Ikurrinak (irailaren 19an) eta El Corte Inglés Banderak (irailaren 20an) itxiko dute denboraldia. Egun horietan jokatuko dira play-offak ere.