telebista
Igandean
Aconcagua: muturreko abentura abian da berriro
A.A.
EITB
16 lehiakide izango ditu saioak bigarren edizio honetan.
-
Julian Iantzi. Argazkia: EITB
Igande gauetan ETB-2n 'El Conquistador del Aconcagua'ren eskutik muturreko abentura bizitzeko aukera izango dugu. Bigarren edizio honetan ere, telebistako realityrik gogorrenaren helburua hego hemisferioko gailur garaiera igotzea da. Julian Iantziren eskutik eta Juanito Oiarzabal espedizio buru dela, bigarren denboraldiak aldaketa asko ekarriko ditu aurrekoarekin alderatuta.
Lehen nobedadea lehiakide kopurua da. Joan zen urteko udazkenean sei izan ziren eta orain 16 izango dira. Kasting zabal bat egin dute erronkan parte hartzeko lehiakide egokienak topatzeko eta azkenean, zortzi gizon eta zortzi emakume aukeratu dituzte. Gehienak mendian esperientziarik ez dute eta erronka izugarriak gainditu beharko dituzte: dueluak, eguraldi baldintza eskasak, ahalegin físiko izugarriak... guztia gainditu beharko dute xede bakarrarekin: Aconcaguaren gailurrean 6.962. metrora ikurriña jartzea.
Baina ez dira bakarrik egongo. Juanito Oiarzabalek espedizioan espero ez zuen kide bat izango du, Mikel Goñi pilotaria. Abentura amaitu ondoren ''Aconcaguan bezain beste ez dut inoiz sufritu'' adierazi zuen nafarrak. Pilotariaren igoera programako erronketako bat da eta abentura paraleloa izango da, bai fisikoa eta bai animikoa Goñirentzat. Traba eta eragozpen asko baititu gainditzeko pilotariak.
Egoera fisiko onean ez egoteagatik ezustea izan zuen 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko kapitaina izan zenean, lehiaketaren hirugarren edizioan. Neumonia harrapatu zuen eta erretiratu egin behar izan zuen. Horrez gainera, Goñik apustu guztiak kontra dituelako egin dio aurre erronkari. Igotzeko beste motibazio bat izan daiteke.
Lehen edizioan Juanito Oiarzabalek esandako hitzak izan ziren ardatza: ''Denek ezin izango duzuen Aconcaguara igo''. Aurten saioaren kanporatu eta aukeraketa sistema selektiboa lehiakide guztiek barneratuta dute. Horietako askok ez dute Aconcagua ikusiko. Aurten abentura askoz metro beherago hasiko da, 1.8000 metrora, itsasoaren mailan, Rio Granderen alboan, Valle Hermoson. Aklimatazio edo girotzeko lehen etapa honetan lehiakideen arteko borroka etengabeak eguneroko bizitza markatuko du. Dena den goraka egiten duten neurrian, mendiak bakoitza bere lekuan jarriko du.
Aconcaguaren igoeraren esentziak garbi jarraitzen du eta espedizioaren lehen edizioko paraje izugarriak ikusiko ditu: Laguna Horcones (2.850 m.), Confluencia (3.300 m.), Plaza Francia (4.000 m.), Nido de Cóndores (5.250 m.), Cólera (5.950 m.) eta beharbada gailurra 6.962 metrora. Hori bai, guztia estu eta larri ibiliko diren 16 mendizaleren ikuspegitik eta Mikel Goñiren ikuspegi berezitik baita ere. Guztiak, hain zuzen ere, Juanito Oiarzabal eta Julian Iantzi adi-adi begira dituztela.