Itxi

telebista

Astelehenetan

Iñaki Lopez berriro ETB-2n 'Aconcagua. La Aventura' aurkezteko

A.A.

EITB

'El Conquistador del Aconcagua' saioari buruzko eztabaida astelehenean, irailaren 19an, estreinatuko da 22:15ean, ETB-2n.

Igande honetan 'El Conquistador del Aconcagua' izango dugu ETB-2n eta ohi denez, asteleheneko eztabaida ekarriko du lehiaketak. Berriro Iñaki Lopez izango da 'Aconcagua. La Aventura' saioko aurkezlea. Aconcagua igotzea helburu duen espedizioaren nondik norako guztiak aztertu eta aletuko ditu saioak.

Denboraldi honetan Argentinako realityak egitura aldatu du. 16 lehiakide izango ditu eta astero bat kanporatuko dute, beraz Iñaki Lopezek platoan kanporatuak hartuko ditu. Abenturaren esperientzia kontatzeaz gainera, Juanito Oiarzabalekin batera gailurrera heltzeko aukera gehienak izango dituen lehiakideen inguruko hausnarketa egingo dute.

Juanito ere, hain juxtu, platoan izango dute oraintxe gutxi hasi duen Manasluko espedizioa amaitu ondoren. Lehiakideen merituak aztertu eta eguraldi txarrak denboraldi honetan gogortu duen Aconcaguaren espedizioaren koska guztiak kontatuko ditu. 2010-2011 urtean, alegia, Aconcaguan sei hildako eta 197 erreskate izan da. Horietatik 46 nahiko gogorrak gainera.

Eztabaidaren mahai bueltan, horrez gain, Iker Flores eta Azucena Diaz, iaz Aconcaguara igotzea lortu zuten lehiakideetako bi, egongo dira. Euren testigantza garrantzitsua izango da, alpinismoan trebatuak ez direnentzat bat batean horrelako erronka baten esperientzia azaltzeko. Alde fisikoak eta alde psikologiak aztertuko dituzte. Mikel Goñi pilotariak aurten egingo dio aurre erronka horri. Denboraldi honetako igoeraren gonbidatu bereziak jarraipen berezia izango du saioan.

Denboraldi honetako gonbidatuen artean, gainera, kirolari ezagunak ere hartuko dituzte. Saioan egongo dira lehiakideei osasun azterketan egin zizkieten medikuak eta ohiko solaskideak ere. Horiekin guztiekin, Jon Goikoetxea mendizalea, Josu Feijooren eskalada kide eta Edurne Pasabanekin Himalayara joandakoa, hartuko dute. Horrezaz guztiaz gainera, Iñaki Lopezek asteleheneko programarako sorpresa bat gordeko du.

Igandeko saioaren unerik nabarmenak kontatuko dituzte guztiek. Horrez gain, debatean irudi esklusiboak ere izango dira. Denborarik izaten ez delako amaierako montajetik kanpo gelditzen diren irudiak, alegia. Informazio oso baliogarria izan ohi da lehiakideak hobe ezagutzeko batetik, eta egunero halako mendiko kanpamentu bateko eguneroko egoerak nolakoak diren deskubritzeko bestetik.

Azkenik, debateak bere marka diren atalei eutsiko die. Lehiakideen esaerarik onenak bilduko dituzte eta mendian bizitako unerik komikoenak ere erakutsiko dituzte.