Itxi

telebista

Aste honetan

Felix Ibarrondo konpositorearekin solasaldia, 'EITB Kultura' saioan

A.A.

EITB

The Balde aldizkariaren 10. urtemugari ere erreparatuko diote.

  • 'EITB Kultura'. Argazkia: EITB

    'EITB Kultura'. Argazkia: EITB

Felix Ibarrondoren lan berria izango dute abiapuntu aste honetako 'EITB Kultura' saioan. Oñatiko konpositoreak Aikan pieza osatu du Sigma Project saxofoi laukotearentzat (Andres Gomis, Ángel Soria, Miguel Romero eta Josetxo Silguero). Obraren sorkuntza prozesua nolakoa izan den eta taldearen filosofia ezagutuko dituzte.

The Balde doako kultur aldizkaria zoriontzeko tartea hartuko dute ondoren. Bi hilabetekaria den argitalpenaren 10 urteko ibilbidearen errepasoa egingo dute.

Mikel Kazalis, Aitor Abio, Fer Apoa eta Txarly Diazek osatzen duten Matxura taldeak bere estreinako diskoa aurkeztuko du 'EITB Kultura'n eta La Llave Maestra konpainiaren Delirios de papel ikuskizuna ezagutzeko beta ere hartuko dute.

Arte galerien eskaintzari dagokionez, Donostiako Arteko galeriara joko dute lehendabizi. Joo Muyng-Duck eta Kyungwoo Chun argazkilari korearren 'San & Sebastián' erakusketa ezagutzera. Gasteizeko Montehermoso Kultur Gunean zenbait emakume artistaren bideo sorkuntza lanak bildu dituzte 'The gaze and the apparatus of new media' izenburupean. Donostiara bueltatuz, Playmobil panpinekin jolasteko gonbita luzatuko digute Echeberria galerian dagoen Sebastian Beyroren 'Play' erakusketarekin.

'EITB Kultura' astelehenean dago ikusgai 23:05ean ETB-1en, asteartean 00:35ean ETB-2n eta ostiralean 22:30ean ETB-3n.