Itxi

telebista

22:00etan

Vendetta, Gozategi eta The Travelling Brothers igandeko 'Beste Bat'en

A.H.

EITB

Hiru taldeetako musikariak beren ibilbideaz eta lan egiteko moduaz arituko dira.

  • 'Beste Bat'. Argakzia: EITB

    'Beste Bat'. Argakzia: EITB

'Beste bat' saioko igandeko atal honetan hiru musika talde izango dira protagonista: Vendetta, Gozategi eta The Travellin´Brothers.

Gozategi taldea 1990. hamarkadaren hasieran sortu zen, Asier eta Ainhoa Gozategi eta Iñigo Goikoetxearen ekimenaz. 1994an maketa bat grabatu eta bi hilabete eskasetan 2.000 ale saltzea lortu zuten. "Nor-nori-nork" bezalako kantuei esker lortu zuten arrakasta eta egun euskal musika talde mitikoenetakoa bilakatu dela esan genezake. Ia 20 urte beranduago plazarik plaza jarraitzen dute, Euskal Herriko txoko guztiak girotzen. Igande honetako saioan, Orion elkartuko da taldea sortu zuen hirukotea, baita gaur egun taldea osotzen duten musikariak ere, urte guzti hauetan gertatutakoari eta bizitutakoari errepasoa egiteko.

Vendetta talde nafarrak ska musika jotzen du eta uda honetan jarraitzaile gehien dituen taldeetako bat da, neska-mutil asko erakartzen baititu eskaintzen dituen kontzertuetara. 'Beste Bat' Bilboko Aste Nagusian eskaini zuten kontzertuan egon da eta bertan punta-puntako musika talde batean jotzeak suposatzen duenaz hitz egin dute taldekideekin.

Travellin´Brothersek blues musika jorratzen du. Begiak itxi eta euren doinuak entzuterakoan New Orleansekoa diruditen arren, Leioan sortutako taldea dela esan behar da. Bigarren diskoa kaleratu berri dute eta ez nolanahikoa gainera. Izan ere, taldea osotzen duen seikoteak 16 musikariz osatutako Big Band baten laguntza eduki du.

'Beste Bat' saioa, Big Band horrekin eskainitako lehen kontzertuaren eta kontzertu baino egun batzuk lehenago egindako entseguen lekuko izan da. Mami handiko entseguak izan dira, ez baita erraza 23 musikarien lana uztartzea eta seikoteak jotzen dituen kantuak hainbeste lagunentzat egokitzea.

'Beste Bat' igande honetan emitituko da 22:00etatik aurrera ETB-1en.