Itxi

telebista

ETBK Sat katean

Euskal kirolari olinpiarrak, asteazkeneko 'Bat To London 2012' saioan

A.H.

EITB

Belar-hockeya, piraguismoa edota borroka libreko zenbait ordezkarik hitzordu olinpiarraren inguruan dituzten itxaropenak plazaratuko dituzte.

  • 'Bat to London 2012'. Argazkia: EITB

    'Bat to London 2012'. Argazkia: EITB

Asteazken honetan 'Bat to London 2012' saioaren hirugarren atala eskainiko du ETBK Sat kateak gaueko 23:00etatik aurrera. Iñigo Asensiok aurkeztuta, euskal kirolari olinpiarren prestakuntza jarraituko du saioak gertu-gertutik, beti ere Londoneko 2012ko Olinpiar Jokoei begira, eta horrez gain kirolari, entrenatzaile eta senitartekoekin elkarrizketak eta olinpiarrak izandako kirolarien testigantzak jasoko ditu.

Bi getxoztar izango ditu abiapuntu asteazkeneko saioak, belar-hockeyaren iragana eta gaur eguna irudikatzen dituzten bi kirolari: Juan Carlos Migoya, 1960an brontzezko domina lortu zuena, eta Maria Lopez de Eguilaz, estatuko selekzioko kide eta Europako txapelketa bikaina burutu berri duena.

Ondoren, Bratislavaraino egingo dute jauzia. Munduko Slalom Piraguismoko txapelketa jokatu da bertan. Piraguismoa da, hain zuzen, Londoneko Olinpiar jokoetara euskal ordezkari gehien eraman ditzakeen diziplina: Maialen Chourraut, Ander Elosegi, Joan Crespo, Samuel Hernanz, Jon Ergüin eta Jone Otaño, guztiak gaur egun hautatzailea den Xabier Etxaniz entrenatzaile euskaldunaren aginduetara. Hau ere, kirolari olinpiarra izan zen eta 1992ko Bartzelonako Olinpiar jokoetan parte hartu zuen. Maider Unda borrokalariarekin ere izango dira saioaren kamerak, lesio larri baten ondoren Istanbulgo munduko txapelketan parte hartuz.

Jokoen ikonografiak ere atal berezia izango du asteazkeneko saioan, domina eta argi zuzi olinpiarrean ikusi daitekeena, hain zuzen. Horrez gain, ekitaldiz beteta datorren urriko agendaren berri emango du 'BAT to London 2012' saioak: Hawaiko Ironmana, Iker Martinez eta Xabier Fernandezek hasiko duten Volvo Ocean Race probaren irteera eta euskal judokek izango dituzten hitzordu garrantzitsuak aipatuko ditu, besteak beste.