Itxi

telebista

23:00etan

'Gazta' dokumentala, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Idiazabal gaztaren inguruko ikus-entzunezkoa Mikel Urretabizkaiak idatzi eta zuzendu du, eta Donostia Zinemaldian aurkeztu zen iaz.

0:23
Dokumentalaren irudia.

Euskal Telebistak Gazta dokumentala eskainiko du gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en. Mikel Urretabizkaia kazetariak idatzi eta zuzendutako lana da, eta Idiazabal gaztaren unibertsoan zeharreko bidaia proposatzen digu aparteko pertsonaia batzuen begiradaren bidez: Eli Arrillaga artzainarekin batera, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa, Joan Roca, Martin Berasategui, Pedro Subijana eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak ikusiko ditugu bertan. EiTBren parte-hartzea duen ekoizpen hau iaz aurkeztu zuten Donostia Zinemaldian, Culinary Zinema sailean. 

Urbiako mendilerroan, mila metroko altueran, ardiak zaintzen ibiltzen den Eli Arrillaga artzaina dugu dokumentaleko protagonista. Ardi horien esnearekin, bere garaian Juan Mari Arzak maitemindu zuen gazta egiten du. Euskal sukaldaritza berriko ikur den jatetxean Elik ekoizten duen gazta erabiltzen jarraitzen dute. 

Elik bere bizitzaren kontakizuna egingo du. Alargun geratu zen oso gazte, 24 urterekin, eta alaba txiki batekin. Senarra, artzaina, mendian zegoen leize batera erori eta hil egin zen. Gertaera hark ataka batean jarri zuen: Zarautzera, bere herrira, itzuli edo artzain bizimoduarekin jarraitu. Azken horren alde egin zuen. Geroago, Mikel Etxezarreta ezagutu zuen, beste artzain bat, eta harekin ezkondu zen. Lanbide honek sortzen dizkien poz eta zailtasunei buruz mintzatuko dira, ez baita batere erraza industria, zerbitzuak eta artzaintzaren mundutik aldentzen diren jarduerak oinarri dituen gizarte honetan aurrera egitea. 

Lanbideaz mintzatuko dira beste hainbat artzainekin ere, eta Historiaurrean eta Farmazian adituak diren doktoreen hitzak jasoko dituzte, artzaintzak gure herrian izan duen ibilbidea aztertu eta gazta egiteko prozesua nolakoa den jakiteko. 

Bestalde, sukaldarien testigantzak bilduko dituzte, Idiazabal bezalako nortasun handiko gazta zergatik interesatzen zaien eta bere sukaldeetan zein paper duen azaltzeko. Juan Mari Arzak eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategui, Eneko Atxa, Andoni Luis Aduriz, Karlos Arguiñano, Hilario Arbelaitz, Josean Alija eta Joan Roca sukaldariek 30 Michelin izar eta The World 's 50 Best Restaurants zerrendako hainbat izendapen dituzte. 

Sukaldari horiek ongi dakite zein garrantzitsua den kalitate handiko artisau-produktua izatea, haien sukaldari-lan zorrotzean ederki egokitu dadin. Urbia, Aralar eta Gorbeia aldean eta Nafarroako goi-mendietan, artzainek kontu handiz zaintzen dituzte latxa arrazako artalde preziatuak, kalitate handieneko produktu bat lortzeko, Ordiziako urteroko hitzorduan urteko gazta bikainenaren lehia irabazteko modukoa, horixe baita artzain askoren ametsa, Ordiziako Idiazabal gaztaren lehiaketan parte hartzea. 

Gazta dokumentala gaur izango da ikusgai, 23:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.