telebista
Euskal dantza
Datorren igandean jokatuko da Euskal Herriko XXXV. Dantza Txapelketa
A.E.
EITB
Hamar bikote arituko dira nor baino nor Segurako Baratze pilotalekuan eta eitb.com-en zuzenean jarraitu ahal izango da. ETB-1ek urriaren 12an emango du ekitaldia.
-
Euskal Herriko XXXV. Dantza Txapelketa. Argazkia: EITB
Datorren igandean, urriaren 9an, jokatuko da XXXV. Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran. Hamar bikote ariko dira nor baino nor oholtza gainean arratsaldeko 18:00etan hasita. eitb.com webgunean zuzenean jarraitu ahal izango da lehiaketa. Telebistaz, berriz, ETB-1en urriaren 12an eskainiko da gaueko 22:00ak inguruan.
Astearte honetan, urriaren 4an, EITBko Donostiako Miramongo egoitzan egin den aurkezpen ekitaldian eman dute aurtengo lehiaketaren berri. Eluska Gerriko Segurako alkatea, Xabier Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko presidentea eta Andoni Salas ETBko produktorearekin batera, iazko irabazleak egon dira: Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas sestaotarrak
Hamar bikotek parte hartuko dute aurten eta, ohi denez, bakoitzak fandangoa txistuz eta arin-arina trikitiaz dantzatuko du. Honako hauek izango dira parte hartzaileak: Bergaratik, Aritz Arrillaga eta Amaia Bolinaga; Ibarratik, Itziar Doyharzabal eta Amaiur Luluaga, eta Goreti Galarraga eta Maria Camarero; Sestaotik, Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas; Hernanitik, Xabier Segura eta Lierni Martiarena; Lezotik, Iker Sanz eta Lierni Kamio; Trapagatik , Oihan Martinez eta Ibabe Beristain; Azpeititik, Jon Ibarguren eta Idoia Besada; Errenteriatik, Aitor eta Uxue Arrieta, eta Santurtzitik, Lander Campos eta Haizea Hormaetxea.
Aurten ere Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute saioa. Epai-mahaiaren balorazioa ere bilduko dute emanaldian eta, horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritzi eta inpresioak jasoko dituzte ETB-1eko saiorako. Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Sor-K ikuskizuna eskainiko dute Aiert Beobideren zuzendaritzapean.
Euskal Telebistak lotura luzea du Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin. Aurten 17. urtea izango da ETB-1ek txapelketa ematen duela ikus-entzuleen erantzun ona jasoz.