telebista
Aste honetan
Asier Altuna zinegilearekin hizketan, 'EITB Kultura' saioan
A.A.
EITB
Protagonista izango dituzte, baita ere, Javier Muguruza musikaria, Jose Luis Ramirez argazkilaria eta bi dantzari, David Guerra eta Iker Arrue.
-
Asier Altuna. Argazkia: EITB
Asier Altunarekin hitzordua finkatu dute 'EITB Kultura' saioko lagunek aste honetarako. Zinegile bergararra dokumentalen alorrean murgildu da estreinakoz Bertsolari izeneko lanarekin eta nolako esperientzia izan den azalduko du. Javier Muguruza musikariak, bere aldetik, esku artean duen disko berria aurkeztuko du: Bikote bat. Mikel Azpiroz piano jotzailearekin batera aritu da.
Jose Luis Ramirez argazkilariak lau hamarkadatan egindako argazkiak erakusketa batean bildu ditu eta ETBko kamerak bertara gonbidatu ditu. Lan berriak dituzten beste bi lagun David Guerra eta Iker Arrue dantzariak dira. Tr3s x Tr3s eta Verfallen muntaiak Dantzan Bilaka Jaialdian egongo dira ikusgai Donostia, Bilbo eta Gasteizen.
Aste honetako beste protagonistetako bat Jose Luis Echechipia organo jotzaile nafarra dugu. Bere ibilbidean zehar jorratu dituen musika estilo ezberdinei buruz arituko dira solasean berarekin.
Amaitzeko, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan Ima Montoya artista bizkaitarraren erakusketa bisitatuko dute eta Parisen bizi den Miquel Mont bartzelonarraren lan berriaren aurrerapena egingo dute.
'EITB Kultura' saioa astelehenean dago ikusgai 23:05ean ETB-1en, asteartean 'La Noche de...'ren ostean ETB-2n eta ostiralean 22:30ean ETB-3n.