telebista
22:30ean
"La Noche De…"k denboraldi berria hasiko du gaur "70 Binladens" filmarekin
EiTB
Saioaren 26. denboraldia atal berriekin dator, tartean, "Los siete defectos de...", "Tu cara me suena" eta "C.S.I. Hollywood".
-
Nathalie Poza '70 Binladens' filmaren fotograma batean
Gaur gauean, Felix Linaresek aurkeztutako "La Noche De…" saioak 26. denboraldiari hasiera emango dio, tarte berriekin eta 70 Binladens filmaren telebistako estreinaldiarekin. Film horren tituluak 500 euroko billeteei egiten die erreferentzia, eta Bilbon eta Getxon grabatu zen. Emma Suarez da bertako protagonista, eta harekin batera jardun dute lanean Hugo Silvak, Barbara Goenagak, Nathalie Pozak, Itziar Atienzak eta Nacho Fresnedak.
Horren aurretik Los siete defectos de... atalak Matt Damon aktorea hartuko du protagonista bezala, bere 50. urtebetetzea dela eta. Urte luzez Hollywoodeko "mutil jatorra"ren izen ona bere alde izan badu ere, matxista edo arrazista izatea ere leporatu izan diotela deskubrituko dugu.
Ondoren, Tu cara me suena atal berrian saioak joko bat proposatuko du. Pantailan paper jakin bat egiteko makillaje asko erabili behar izan duten aktoreen irudiak agertuko dira. Horrenbeste makillajerekin, ez da erraza izango haiek ezagutzea, eta hortxe dago, hain zuzen ere, jokoaren gakoa, pintura horren atzean ezkutatzen den aktorea ezagutzean.
Amaitzeko, saioak C.S.I. Hollywood atala estreinatuko du eta bertan inoiz Hollywooden izan den epaiketa esanguratsuenetako bat aztertuko dute. O.J. Simpson hilketa bikoitza egiteagatik epaitu zuten, eta egun hauetan bete dira 25 urte kirolari eta aktore horren aurkako epaia jakitera eman zenetik. "La Noche De…" saioak benetako irudiekin osatutako erreportaje bat eskainiko du.
"La Noche De… 70 Binladens" gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.