Itxi

telebista

Trump Vs Biden

AEBko hauteskundeei arreta berezia eskainiko die EITBk

EITB

ETBko, Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko kazetariek eskainitako gako guztiez gain, ETB2k 'El mundo según Donald Trump' dokumentala emititu du.

  • Donald Trump eta Joe Biden

    Donald Trump eta Joe Biden

Gaur, hauteskunde presidentzialak izango dira Ameriketako Estatu Batuetan, eta jarraipen berezia egingo du EITB Taldeak. ETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta eitb.eus-ek Donald Trump alderdi errepublikarreko hautagaiaren eta Joe Biden alderdi demokratako hautagaiaren arteko lehiaren berri emango dute. 

Amaia Uriberen eguneroko kronikarekin hauteskunde kanpaina albistegietan izaten ari den arreta bereziaz gain, ETB2k albistegi berezia eskaini zuen igandean. AEBko 2020ko hauteskunde saio berezia gidatu zuen Xabier Garcia Ramsden aurkezleak eta adituen mahai bat izan zuen, hauteskundeetako gai garrantzitsuenak aztertzeko. Euren iritziak eta ikuspuntuak eskaini zituzten Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzien Saileko irakasle Jule Goikoetxeak; Iñaki Goirizelaiak, EHUko errektore ohiak, eta Bart Farrellek, Euskadin 7 urte daramatzan Kaliforniako irakasle eta komunikatzaileak. Estibaliz Ruiz de Azuaren laguntzarekin Estatu Batuetako hauteskunde sistema bereziaren hainbat alderdi azalduko zituzten. Gainera, Alex Rayon Big Data eta Fake News adituarekin ere mintzatu ziren.

Washingtonetik, berriz, Mikel Reparaz ETBko albistegien Nazioarteko buruak bat egin zuen zuzenean hauteskunde hauen garrantzia aztertzeko hainbat gonbidaturekin. Hautagaien, inkesten eta asteartetik aurrera ireki ahal izango diren agertokien inguruan aritu ziren. Hori guztia osatzeko, Amaia Uribe berriemaileak kaleko erreportajeak egin zituen.

Gaur ospatuko dira hauteskunde presidentzialak Estatu Batuetan, eta ETB1eko "Ahoz Aho" saioan bozen kontakizun berezia egingo dute egun horretan.  Beste behin ere,  ETBko albistegietan informazio guztia emango dute demokraten eta errepublikanoen egoitzetatik Mikel Reparaz eta Amaia Uribe korrespontsalek.

Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere arreta berezia 

EITBko irratiek, halaber, AEBko hauteskundeen jarraipen zabala egingo dute. Eta horretarako Radio Euskadiko Maria Suarezek eta Euskadi Irratiko Lander Eizagirrek Washingtonetik bertatik emango dituzte berriak. Bertan izango dira bozen emaitzak ezagutu arte. Amaia Uribe berriemailearen lana osatuko dute Mariak eta Landerrek euren kronikekin. 

Horrez gain, Radio Euskadiko "Ganbara" programak arreta berezia jarriko die AEBko hauteskundeei eta ondorengo egunean, azaroaren 4an, Euskadi Irratiko "Faktoria" eta Radio Euskadiko "Boulevard" albistegiek eduki bereziak prestatuko dituzte emaitzen nondik norako guztiak argitzeko.

Informazio guztia online 

Gainera, eitb.eus-en Hauteskunde Presidentzialak AEBen webgune berezia prestatu dute hauteskundeen gaineko informazio guztia eskaintzeko. Telebistako zein irratiko berriemaile berezien bideo eta kronikak ere jasoko dituzte atari honetan. Hauteskundeen egunean, zuzeneko kontakizuna egingo dute jardunaldi osoan zehar, unean uneko gertaeren berri emateko.

Trumpen inguruko dokumentala ETB2n, igande gauean 

Igandean, ETB2k  El mundo según Trump (The World According to Trump)  dokumentala emititu zuen, Xabier García Ramsdenek gidatuko duen berezia amaitutakoan. 

Boterea iritsi zenetik, Donald Trumpek bere azentua, estilo probokatzailea eta agenda ezarri ditu, eta munduak lau urteko agintaldia erritmo frenetikoan bizi izan du. Egunero polemika berri batek alboratu du aurrekoa, eta zaila izan da benetan jokoan zer egon den hautematea. Orain, agintaldi zoro hau berriro errepasatzeko unea iritsi da, oraingoan baina, erritmo motelagoan. 

Bere "Make America Great Again" ("Egizu Amerika handi berriz") lelo nostalgiko eta ezagunarekin, Estatu Batuetako populazioaren zati ahaztu bat liluratu zuen, eta haien beldur eta amorru sentimenduak bereganatu zituen. Trumpek bere hautesleak lausengatzen eman du agintaldi osoa, nazionalismo berri hau elikatuz. Hasieratik, munduko gainerako herrialdeekiko jarrera protekzionista eta isolatzailea hartu du; eta datozen urteetarako joera nagusia ezarri du. 

Lau urteren buruan, eta pandemia globalaren testuinguruan, inoiz baino banatuago dagoen herrialdea aurkituko dugu. Demokraziak lasaitasun itxura galdu du gainera. Asko dago jokoan hurrengo hauteskundeetan: Handikiaren berrautaketak areagotu eta indartu egingo lituzke gaur egun Estatu Batuetan gertatzen ari diren eraldaketak. Hala ere, ziurgabetasuna nagusi da, COVID-19 krisiaren kudeaketa kaotikoaren ondoren. Trump presidentea etenaldia izan da Historian, ala demokrazia estatubatuarraren eraldaketa sakon eta iraunkorrari bide emango dio? 

Dokumentala AEBko politikaren sakonenean barneratu zen. Lau urteko iskanbilak eta krisi politikoak aztertzeko, Trumpen presidentetzako pertsona garrantzitsuenen testigantzak jasotzen ditu: estatu idazkari ohiena, aholkulariena eta taldeko kide ohiena.