telebista
Aste honetan
Milurteko arabarren erretratua erakutsiko digu 'Teknopolis'ek
A.A.
EITB
Horrez gain, Itziar Zurutuza enologoa ezagutuko dute eta Donostian ospatutako literatura eta zientzia topaketen berri emango dute.
-
'Teknopolis', Argazkia: EITB
Duela 10.000 urte bizi zen gizakiaren erretratua nola egiten den azalduko du aste honetako 'Teknopolis' saioak. Horretan dihardute Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurrea Saileko kideak. Pobesen, Araban, Socuevasko aztarnategian amaitu berri dituzten indusketetan, historiaurreko azken ehiztari-biltzaileek ohiko aterpeetako batean utzi zituzten arrastoak bildu dituzte. Aztarna horien bilduma aztertuz, orduko gizakiaren erretratua egiten hasi dira.
Gertutik atalean Itziar Zurutuza enologo gaztea ezagutuko dute. Txakolin-ekoizleen familia bateko bosgarren belaunaldia da berea. Bartzelonan egin zituen ikasketak eta, ondoren, Zarauzko txakolindegi batean ekin dio ibilbide profesionalari. Txakolin munduan hainbat berrikuntza proposatu ditu berak.
Aste honetan Donostian antolatu duten Mestizajes izeneko topaketak izango ditu ardatz 'Teknopolis' saioaren hirugarren erreporteajeak. Artearen eta zientziaren arteko muga gainditu eta ideia berriak sortzeko gune aproposa sortu nahi izan dute. Donostia International Physic Center eta JAKIUNDE Zientzia, Letra eta Arteen Akademiaren ekimena izan da. Nazioarteko eta Euskal Herriko izen garrantzitsu anitz bildu da hausnarketa egitera.
Amaitzeko, Vlog tartean nukleo bikoitzeko telefonoak izango dituzte hizpide eta Pilula izenekoan, berriz, kuartzoaren zehaztasuna.
Oihana Jauregik aurkeztuta, 'Teknopolis'ek larunbatean du lehen emanaldia ETB-1en, 21:00etan. Igandean 11:25ean ETB-2n ikus daiteke eta 15:30ean ETB-1en. Azkenik, asteazkenean 22:30ean emango da ETB-3n.