Itxi

telebista

22:30ean

'Pandemias, la amenaza invisible' atala, gaur gauean, "Vamos a Hacer Historia"n

EITB

Elene Lizarralde kazetariak eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak aurkeztuta, Euskal Herriak historian zehar bizi izan dituen pandemiak errepasatuko dituzte.

  • 'Pandemias, amenaza invisible' atalaren irudia

    'Pandemias, amenaza invisible'. EITBren bideo batetik ateratako irudia

ETB2k eta eitb.eus-ek "Vamos a Hacer Historia" dokumental-realityaren 'Pandemias, la amenaza invisible' atala eskainiko dute gaur gauean. Elene Lizarralde kazetariaren eta Juan Manuel González Cembellin historialariaren eskutik, covid-19ak eragindako pandemia egoera ez dela berria jakingo dugu; izan ere, Euskal Herrian hamalau izurrite izan dira, egungoak baino ondorio askoz larriagoekin.

'Pandemias, la amenaza invisible' atalean, XIV. mendean izurriteak euskal biztanleen erdia hil zuela kontatuko dute, eta desagertzeko puntuan egon ginela. XIX. mendean, koleraren ondorioz batez ere, Bilbo "hiri zikin" izendatu zutela jakingo dugu. Gutxienez hiru aldiz egin zuen eraso kolerak: 1834an, 1855ean eta 1893an. Halaber, "gripe espainiarra", koronabirusarekin hainbat antzekotasun dituena, aldatu egin zen bigarren boladan, birus hiltzaile bihurtuz. Gure herrian gutxienez 15.000 pertsona hil zituen, baina mundu osoan 40.000.000 pertsona izan ziren horren biktima.

Horrez gain, Ander Manterola etnografoak, Anton Erkoreka eta Gondra Rezola Medikuntzako historialariek, Elias Mas Bilboko Udaleko Arkitektura Kabineteko zuzendari ohiak, Esther Pavon covid-19aren biktima izan den Ramon Pavonen alabak eta Enrique Lopez covid-19aren kaltetuak parte hartuko dute atal honetan.

"Vamos a Hacer Historia" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.