telebista
21:00etan
Iratxe Fresnedaren 'Lurralde Hotzak' road-moviea, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB MEDIA
Filmak Euskal Herriko eta Eskandinaviako ikus-entzunezko artxiboko irudiak eta eguneroko instantaneak uztartzen ditu, ibiltariaren errealitatearen freskotasuna eta ezustekoa bilatuz.
-
Iratxe Fresnedaren 'Lurralde Hotzak' road-moviearen fotograma
Gaur gauean, Iratxe Fresneda zinemagilearen Lurralde hotzak sormenezko dokumentala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek 21:00etatik aurrera. EHUko ikerlari eta irakaslearen ikus-entzunezko lanek bere ikerkuntza proiektuetan dute jatorria; Irrintziaren oihartzunaken ondoren iritsi da Lurralde hotzak filma. Fresnedaren bigarren lana da zinta eta road-movie formatuaz baliatuz, Eskandinavia zeharkatuko du protagonistak.
Lurralde Hotzak lanak emakume baten bakarkako bidaia erakusten du; kamera eta zinemako mamuak lagun dituen pertsonaia baten abenturak. Fikziorik gabeko film honetan, zinemagilearen begirada erlezaintzarekin, arkitekturarekin eta iparraldeko argiarekin gurutzatzen da.
Urteetan zehar Eskandinavia eta Euskadiren artean pilatutako zirriborro, bidaia eta ikerketetatik abiatuta, Fresnedak behaketan oinarritutako tresna bat eraikitzen du eta bera da filmaren ekipamendu nagusia: bere gorputza mugimenduan, bere irudimena eta hauek erabiltzeko askatasuna.
Euskal Herriko eta Europako zuzendari eta artisten hitzen eta lanen bidez, argiari eta ezti-koloreari lotutako paisaietan barrena egindako bidaia islatzen da lehenengo zatian. Aragoi eta Euskadi, pixkanaka, Euskal Herriko itsas paisaietatik iparraldera begiratzen hasten den ibilbidearen abiapuntu dira. Poliki-poliki Suediara eta Danimarkara iritsiko gara Eduardo Chillida, Lars von Trier, Eulalia Abaitua, Bego Vicario, Theo Angelopoulos eta Rut Hillarp artisten eskutik. Islandian du amaiera bidaia honek.