Itxi

telebista

22:30ean

"Bertigozko" jokoarekin hasiko da "El Conquistador del Caribe" gaur gauean

EITB

Gogoz lehiatu beharko dute lehen immunitate jokoan Atabey, Yocahu eta Corocote taldeek. Ez galdu 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

  • "El Conquis"en lehen atalaren irudia

    "El Conquis"en lehen atalaren irudia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

"El Conquistador del Caribe" saioaren 17. edizioak lehiaketari ekingo dio gaur gauean emozioz beteriko lehen atalean.

Aurreko astean aurreratu bezala, Dominikar Errepublikako Los Haitises Parke Nazionalean izango da aurtengo abentura, eta Julian Iantzik eta iazko irabazle izan zen Mikel Artolak aurkeztuko dute.

Lehen atal honetan, ahal duten guztia egin beharko dute 36 lehiakideek lehen immunitate jokoan ikurrina irabazi eta kanpaleku txiro eta oso txirora ez joateko. Talde berdeko neskek (Atabey) jakin-min handia dute kapitaina ezagutzeko, eta talde bezala duten indarrean konfiantza dute, batez ere Andrearengan; izan ere, hondarribiarra bigarren aldiz arituko da lehiakide bezala. Bestalde, talde gorriko mutilek (Yocahu) lehen immunitate jokoa ezagutzeko irrikan daude. Azkenik, aurkaria gainditzeko gai diren uste irmoarekin hasiko dute abentura neskez eta mutilez osatutako talde urdineko kideek (Corocote).

Lehiakideak Julianekin batzen direnean, Mikelen azalpenei esker jakingo dute lehen immunitate joko hori zertan datzan. Jokoa irabazten duen taldeak kanpamentu aberatsaz gozatzeko aukera izango du; galtzen duen taldeko lehiakideak arriskuan izango dira eta kanpamentu oso txiroan igaroko dute gaua, saioan inoiz izan den kanpaleku gogorrenean; oihanaren barruan dago, espazio gutxi du eta lokatzez beteta dago.

"El Conquistador del Caribe" astelehenero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.