telebista
Hauteskunde Eztabaida
PSE, EAJ eta PP alderdien ordezkarien eztabaida ostegunean ETB-2n
A.H.
EITB
Eduardo Madina, Josu Erkoreka eta Alfonso Alonso izango dira solaskide, Estibaliz Ruiz de Azuak 22:15etik aurrera gidatuko duen hauteskunde eztabaidan.
-
Estibaliz Ruiz de Azua. Argazkia: EITB
Ostegun honetan, Euskal Telebistako bigarren kateak hiru alderdiren arteko hauteskunde eztabaida eskainiko du. Estibaliz Ruiz de Azua kazetariak egingo du aurkezle lana eta PSE-EE, EAJ eta PP alderdien ordezkarien arteko eztabaida gidatuko du 22:15etatik aurrera. Partaideak Eduardo Madina (PSE-EE), Josu Erkoreka (EAJ) eta Alfonso Alonso (PP) izango dira eta hauteskunde kanpaina honetan nabarmendu diren gai politikoez arituko dira solasean. Langabezia, ekonomia, bakegintza, gizarte gaiak, hauteskunde osteko aliantzak eta euren programen puntu indartsuenen inguruan hitz egingo dute, besteak beste.
Hiru ordezkari politikoen arteko eztabaida amaitu ondoren, kazetarien analisirako txanda izango da eta solasaldi mahaiaren inguruan Iñaki Gonzalez, Maite Ubiria (Gara), Josean Izarra (El Mundo) eta Alberto Ayala (El Correo) bilduko dira. Aurreko eztabaidan komentatu izan diren gaiak eta politikari bakoitzak izandako papera aztertuko dute. Horrez gain, etorkizunera begira jarriko dira, igandeko hauteskunde jardunaldian gertatu daitekeenaz hizketan.
Hauteskunde Elkarrizketak
Euskal Telebistak gainera bere eguneroko hauteskunde elkarrizketei ekingo die ostegunean ere, eta Josu Erkoreka, EAJ alderdiko zerrendaburua elkarrizketatuko dute bai ETB-1en zein ETB-2n. Ander Arzakek arratsaldeko 20:50etatik aurrera arituko da berarekin lehenengo katean eta bigarrenean ordea, 'Egun On Euskadi' albistegiaren barruan izango du Aitzol Zubizarretarekin hitzordua, goizeko 09:30ean.