Itxi

telebista

20:00etan

"Historias a Bocados" saioak Gantzaga (Aramaio) bisitatuko du arratsaldean

EITB Media

Joseba Arguiñanok Gantzagako istorioak ezagutuko ditu Fernando, Ana Mari eta Urkiren eskutik.

  • "Historias a Bocados" Gantzaga

    "Historias a Bocados" Gantzaga. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gantzagako hiru bizilagunen istorioak ezagutuko ditu Joseba Arguiñanok gaur. Gantzaga Aramaioko iparraldean dagoen elizatea da, Anboto mendilerroaren azpian kokatua.

Alde batetik, Fernando Larrañaga ezagutuko du Josebak. Bere ibilbide profesional osoan Arrasaten bizi izan ondoren, sustraiak zituen lekura itzuli baita Fernando. Erretiratuta dagoenetik gehien gustatzen zaiona baratzea zaintzea da, eta baratzean egindako azken berrikuntza erakutsiko du saioan, negutegi bat eraiki baitu. Baratzea ezagutu eta bertako produktuekin, olagarroa prestatuko dute parrillan piper berdeekin. Fernandoren baserriaren kanpoaldean dastatuko dute egindako menua, Urdungio Baserrian, 1872ko abuztuaren 12an Santa Kruz apaiz ospetsua babestu zen lekuan. Bukatzeko, Fernandok bere familiaren zuhaitz genealogikoa azalduko dio Josebari, bere arbasoen datu eta izenekin. 1871tik bizi ziren bere arbasoak berak egun bizileku duen baserrian .

Ondoren, Ana Mari Ugarterekin egongo da Joseba, eta bere etxean tipikoa den errezeta bat erakutsiko dio, txerri-buru gisatua. Bailarako ikuspegi ederrak inguratuta dastatuko dute prestatutako platera, Ana Marik bere istorioak partekatzen dituen bitartean. Ana Mariri senideekin egotea asko gustatzen zaio, oso harreman estua du familiakoekin eta dakien ia guztia amari zor diola esango dio Josebari. Azkenik, dastaketaren ondoren, animaliei jaten emango diete.

Gantzagara bisita Urki Larrearekin bukatuko du Josebak. Urkik fisioterapeuta gisa egiten du lan Arrasaten, hala ere, lotura estua du Gantzagarekin bertako familia-baserria  dela eta; bertan igaro baitzituen Urkik haurtzaroko uda gehienak. Baina tokiarekin duen inplikazioa noizean behin joatea baino haratago doa, Urki baita, gaur egun, jaietako txistularia eta auzoko kanpai-jolea. San Millan elizara eramango du Joseba, bertan historiaz betetako iturri bat baitago, bainuontzi formakoa, Santa Ageda bainuetxean jatorrizko helmuga zuena. Azkenik, bruselazak eta urdaiazpikoa prestatuko dute, Urkik auzoarekin lotutako bizipen gehiago komentatzen dizkion bitartean.

"Historias A Bocados" Gantzagan izango da, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.