telebista
Kultur saioa
Titirijai txotxongilo jaialdia, aste honetako 'EITB Kultura'n
A.H.
EITB
Horrez gain, Fitting Room Bilbao tendentzia elkargunean parte hartuko duten diseinatzaileak ezagutuko dituzte.
-
Eitb Kultura. Argazkia: EITB
Titirijaik, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak, bere 29. edizioa ospatuko du aurten, zazpi herrialde ezberdinetako 22 konpainien partaidetzarekin. Horien artean, Txotxongilo Taldea konpainia donostiarra dago. 40 urte bete berri ditu konpainiak eta 'EITB Kultura'k haien ikuskizun berria ezagutuko du gertutik: Elurrezko panpina. Poesiak eta musikak osatzen dute umeentzako ikuskizun hau.
Horrez gain, FIitting Room Bilbao tendentzia elkargunera ere hurbilduko da aste honetako saioa. Azaroak 26an Bilboko Melia Hotelean ospatuko da aurtengo edizioa, 24 diseinatzaile eta sortzailerekin. 'EITB Kultura'k erakusketa hasi aurretik ezagutuko du horietako batzuren lana, Ines Susaeta, Keltze Leaman, Aitziber Caelaa eta Mariangela Artesenak, besteak beste.
Eta moda mundutik antzekira salto eginez, Kuluka Teatro konapianiaren André eta Dorine antzezlana ezagutuko du 'EITB Kultura'k. Errutinan itota bizi diren bi aiton-amonen bizitza, oroitzapen eta memoria hizpide hartzen ditu lanak. Iñaki Rikarte zuzendariak emango ditu antzezlan honen inguruko xehetasunak.
'EITB Kultura'k, gainera, Luis Alberto Requejo klarinete jotzailearen ibilbide musikala errepasatuko du. Bakarkako lehen lana pasa den urtean atera zen, Music for clarinete solo, Igor Stravinsky eta Bela Kovascks-en mailako egileen lanen bertsioekin. Miriam Cepeda organistarekin batera Loiuko elizan eskainiko du Requejok musika emanaldia azaroak 26an.
Bestalde, 'EITB Kultura'k Patxi Zubizarretaren azkeneko liburua ezagutuko du, Joan. Liburu batek eta DVD batek osatzen dute ikus-entzuneko eleberri hau. Thomas Canet argazkilariaren irudiek eta Joserra Senpereren musikak osatzen dute istorioa.
Amaitzeko, bi erakusketa bisitatuko ditu aste honetako 'EITB Kultura' saioak: Gasteizeko Trayecto galerian ikusgai dagoen 'La orilla es una metáfora', Paul Valeryren lana; eta 'Rhema', Ainize Txopitearen lana, Donostiako Ernest Lunch Kultur Etxean ikusgai.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:00etik aurrera ETB-1en, asteartean 00:50ean ETB-2n eta ostiralean 22:30ean ETB-3n.