telebista
''El Conquis''en 4. atala
Gorriak, odolustuta, Lumbrerasen kanporatzearen ostean
EITB Media
Esterrek Lumbreras kanporatu du nafarraren eta Oskar laguntzailearen hutsegite bati esker. Talde berdeko lehiakideak ez zuen nahi Oskar aurkari gisa dueluan, "zakur zaharra" delako.
-
Lumbreras, atzean banderatxoa duela. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Yocahu taldeak ez du lortu zauria ixterik. "El Conquistador del Caribe" saioaren 4. atalean Lumbreras galtzeak berretsi du gorriek probak egin ditzaketela, baina oinarrizko xehetasunetan huts egiten dutela. Suaren bila izeneko dueluan, nafarrak Esterri tarte nahiko handia atera dio, talde berdeko lehiakideak sugarrarekin arazoak izan baititu. Dena den, berdinduta iritsi dira jokoaren azken zatira, yumarrera. Halere, Lumbreras itsututa igo da, eta ez du azken banderatxoa ikusi. Oskarrek ere ez du ikusi, eta horrekin argi gelditu da dueluetan funtsezkoa dela laguntzaileen lana. Oraingoan Sesmakoaren abentura bukatu da, laguntzaileak ere huts egin duelako.
Baliteke, ordea, gorriek kanporatu berriaren falta gehiegi ez igartzea; izan ere, bileran zazpi taldekidek izendatu dute, gogaidetasun falta argudiatuta. Kapitainik ez zuenez, dueluan aritzeko beste taldekide bat aukeratu beharra zuen Lumbrerasek, eta hori abantaila handia izan da. Eta, nola ez, Oskar jarri du arriskuan, batetik, nagusiegia delako, bere ustez, eta bestetik, Esterrek, arrazoi horrexegatik, Oskar izendatuko zuela uste baitzuen. Batean kale, bestean bale. Talde berdeko lehiakideak ez zuen nahi Oskar aurkari gisa dueluan, "zakur zaharra" delako.
Alabaina, duelu honetan begi bistan gelditu da azkenaldian talde berdea ez dela gai bere kabuz irabazteko. Kapitainen proban gertatu zen bezala, oraingoan ere hutsegite bati esker irabazi dute. Horrez gain, Atabey taldea ez dago bere unerik gorenean. Kanpamentu txiroan igarotako gauaren ondoren, giroa nahastu eta hainbat taldekideren arteko harremana hoztu egin da apur bat.
Azken orduak zailak izan dira hiru taldeentzat, bereziki gorrientzat, Los Haitisesen euri asko bota duelako. Urak hartu du kanpamentu txiroa eta Yocahu taldeko lehiakideen animoa gainbehera doa. Horrek ez die lagunduko hurrengo immunitate jokoan, ezta Corocote eta Atabey taldeek baino taldekide gutxiago izateak.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EITB Nahieran atarian ikus daitezke.