Itxi

telebista

Abenduaren 3an

1'Mihiluze'k saio berezi batekin ospatuko du 900. programa

A.A.

EITB

Sei aurpegi ezagun lehiatuko dira eta bildutako dirua EITBko Maratoirako izango da.

ETB-1eko 'Mihiluze' lehiaketa 900. programara iritsi da eta modu berezi batean ospatu nahi du. Famatuen laguntzarekin eta aurtengo EITBko Maratoirako dirua biltzeko asmoz, izarrez eta umorez beteriko saioa eskainiko digute Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok larunbat honetan. Saio hau ohikoa baino luzeago izango da eta prime-time ordutegian eskainiko da.

Aitor Zubieta eta Aritz Laskurain pilotariek, Aitziber Garmendia eta Iban Garate aktoreek eta ETB-1eko 'Gaur Egun' albistegiko Xabier Usabiaga eta Amaia Cayero kazetariek euren eguneroko eginkizunak utziko dituzte eta 'Mihiluze'ko lehiakide ausart bihurtuko dira.

Egun horretan 'Mihiluze'k bat egingo du Ez ahaztu alzheimerraz lemapean egingo den EITBko Maratoiarekin eta lehiakide berezi hauek bertan irabazitako dirua helburu nagusi horretara bideratuko da.

Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten duten eta Orio ekoiztetxeak ekoizten duen lehiaketa honek bere zazpigarren denboraldia du aurtengoa, 2006. urtean asteroko programa moduan hasi eta hurrengo sei denboraldiak eguneroko programa gisa eman ondoren. Dagoeneko Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako 2.000 lagun baino gehiago pasatu dira lehiaketatik.

Sari potoloak ere banatu ditu. Denboraldi honetako handiena banatu berri du 'Mihiluze'k eta 22.815 eurokoa izan da.

Denetariko probak

Zazpigarren denboraldiak bi proba berri ekarri ditu ETB-1eko lehiaketa beteranora: Katean, programari hasiera ematen diona, hiru aukeren artean erantzun egokia zein den asmatu behar dute lehiakideek, eta Gurpila, non nahasturik dauden sei letrekin jokatuz, definizio jolasti eta zirtolarien laguntzaz hitzak asmatu behar dituzten.

Lehiakideen eta ikus-entzuleen artean jada klasiko bilakatu diren jolasak ere proposatzen dizkigu 'Mihiluze'k: Tribuaren berbak, hainbat egoera edo kontzeptu adierazteko euskaldunok erabiltzen ditugun hitz ez hain ezagunak edo bitxiak asmatzea; Esamesak, mugikorren hizkuntza laburtuan idatzitako esaldiak deszifratzea, eta lehiaketari amaiera ematen dion Zer da zer?. Programaren sorreratik dagoen proba hau gaindituz gero zakua etxera eramaten du bikote finalistak. Zazpi hitz edo kontzeptu dagokien eremuan kokatu behar dituzte.

Imihintzioka, Eroglifikoak eta Potokumeak probak ere beti betikoak dira, 'Mihiluze'ko jarraitzaileen artean aurkezpen handirik behar ez dutenak. Hiru jolas hauek Bosketa tartea osatzen dute Marrazkia eta Gurpila-rekin batera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista